Barikuan [azaroak 25] Gipuzkoa-Ezker Horma Txapelketaren finalak jokatu ziren Mutrikuko Miruaitz frontoian. Eta jokoan egon ziren lau txapeletatik bi eskuratu dituzte mutrikuarrek. Hain zuzen ere,
kadeteetan eta nagusiak 2.mailan nagusi izan dira Mutrikuko
Danok Bat klubeko puntistak.
Kadete mailan, hain zuzen ere, Danok Bateko
Zuhaitz Arrillagak eta Aratz Mendizabal Goxerri-k 30-22 irabazi zioten Donostia Jai-Alai klubeko bikoteari. Bikote mutrikuarra ondo moldatu zen kantxan, eta partida nahikoa erraz menderatu zuten. Etxeko bikotea nahikoa urduri hasi zen, eta, egia esan, hori hasierako tantoetan igarri egin zen. Hasieran lehia nahikoa berdindua hasi zen, baina mutrikuarrek gero aurrea hartu, eta partida bukaera arte alde horri eustea lortu zuten.
Gazte mailan, berriz, zumaiarrek 35-23 irabazi zioten Danok Bateko Aitor Manzisidorri eta Xabier Astigarragari. Partida polita jokatu zuten mutrikuarrek, baina zumaiarrak aurretik ipini ziren markagailuan, eta mutrikuarrak bi tantora jarri baziren ere, ezin izan zuten irabazi.
Manzisidor eta Goxerri saria eskuan. Alboan Josebe Astigarraga (kirol zinegotzia) eta Jose Angel Lizardi (Mutrikuko alkatea). Argazkia: Danok Bat
Bestalde, nagusi 2. mailan Danok Bateko
Ekaitz Mendizabal Goxerri-k eta Mikel Manzisidorrek 35-25 irabazi zioten Zumaiako bikoteari; nagusitasun osoz irabazi ere. Goxerri gerriko minarekin ez jokatzekotan egon bazen ere, azkenean, ondo moldatu zen kantxan. Hasieratik ondo hasi ziren, eta lehen zatian lortutako aldeari eutsi zioten partida amaitu arte.
Nagusi 1. mailan, aldiz, Donostia Jai Alaiko Alberro anaiek irabazi zuten norgehiagoka. 35-25 irabazi zioten Zumaiako Koxme Agirre eta Urangari. Alberrotarrek partida estua eta gogorra jokatu zuten, eta azken momentura arte berdinduta joan zen partida, azken zatian alde egin zuten donostiarrek.
Finalerdietarako txartela. Bestalde, Tolosan Udazken txapelketa jokatu zen domekan [azaroak 27], eta bertan, kinieletan emaitza onak lortu eta gero, Danok Bateko hainbat pilotarik finalerdietarako txartela lortu dute.
Alebin mailan Manex Ansola, Unax Zubizarreta eta Aimar Flores ariko dira finalerdian, eta txiki mailan, berriz, EƱaut Urreisti, Alain Basterretxea, Erlantz Urreisti, Markel Elezagarai, Hodel Arrillaga eta Unax Urkiri izango dira txapelketaren hurrengo fasea jokatuko dutenak.