Badator Akerbeltz gaztetxearen 8. urteurren jaia
8. urteurrena beteko du aurten Akerbeltz gaztetxeak, eta egunari bere ikutua emanez, ospakizun berezia prestatu dute zapaturako herriko gazteek. Beti bezala, gonbidapen zabala egin dute, nahi duen guztia parte hartzera animatuz.Bazkariagaz hasiko dute...
Bazkariagaz hasiko dute aurten Akerbeltz gaztetxearen urteurren jaia. 14:00etan jarri dute ordua bazkaltzeko, bertan gaztetxean, eta parte hartu nahi duenak txartelak hartzeko aukera dauka oraindik, Patxua eta Buztarri tabernetan.
Bazkalostea animatzeko, urteurren honetan euskal kanten bingora jokatuko dutela aurreratu dute, eta 18:00ak aurrean frontoi txikira abiatuko dira denak Pala Txapelketako finalistak animatzera.
34 bikotek hartu dute parte Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako Pala Txapelketan. Urriaren amaieratik ibili dira norgehiagokan Markina-Xemein eta inguruetako herrietako bikoteak.
Bi mailatan jokatu da txapelketa aurten ere, eta maila bietako finalak erabakiko dira zapatuan, 18:00etan, frontoi txikian. Finalak ikusi bitartean, gainera, txokolatea egongo dela aurreratu dute, gorputzak berotu eta gozotzeko.
Partidak amaitu ostean, berriz, K-TUM-K batukadaren erritmoekin dantzatzeko aukera egongo da. Frontoitik bertatik hasita poteoa girotuko dute danbor doinuekin. Poteoa gaztetxean amaituko da, 22:30ean bertan egongo da eta Auskan taldearen kontzertua. Bien bitartean, afaltzeko aukera eskainiko dute gaztetxean; ogitartekoak egongo direla aukeran zehaztu dute.