Gernika Bizkaiak derbia jokatuko du zapatuan, IDK Gipuzkoaren aurka
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak partidu garrantzitsua du zapatu honetan. Hain zuzen, Derbia jokatuko dute Mario Lopezen neskek, eta IDK Gipuzkoa taldea izango dute aurkari. Malosteko kiroldegian (Gernika-Lumo) jokatuko dute norgehiagoka, zap...
Erronka garrantzitsua dute Emakumezkoen Ligako jokalari gernikarrek. Sailkapen orokorrean hirugarren postuan daude, baina denboraldiaren lehen zatia amaitu orduko bigarren postuari heltzea dute erronka. Horretarako, ezinbesteko dute zapatuan irabaztea.
IDK Gipuzkoa kontuan hartzeko taldea da. Sailkapen orokorrean zortzigarren postuan daude gipuzkoarrak. Hala ere, Gipuzkoa denboraldiko sasoi onean datorrela aipatu du Gerardo Candina klubeko presidenteak, klubeko webgunean argitaratutako elkarrizketa batean. IDK Gipuzkoak Paola Ferrari du jokalarien artean; ligako jokalaririk onenetakoa, hain zuzen.
Belauneko lesio batek azken asteetan kantxatik kanpora egotera behartu du Uruguaiko jokalaria. Era berean, Nadia Gomes fitxatu berri du Gipuzkoak, eta jokalari horrek ere taldeari indar handia ematen diola dio Candinak.
Erregina Kopa
Hala ere, Gernikako neskek ere intentsitatea mantenduko dutela dio. Mario Lopezen esanetara, zapatuko partiduan taldeak duen onena ematera aterako da Malosteko kantxara.
Ligan orain arte egin duten denboraldi onak, gainera, bere fruituak eman ditu. Lehen seiren artean, Erregina Kopa jokatzeko sailkatu dira gernikarrak.
Koparako sailkatzea edota play-off-ak jokatzea ez zegoen klubak zehaztutako erronka nagusien artean. Hala ere, lehian sartuta, Kopa etxera ekartzeko asmoz daude bai kluba bai eta Gernika Bizkaiako neskak ere.