Kresalak zipriztindutako koktel musikal historiko bat grabatu dute Mutrikuko, Ondarroako, Lekeitioko eta Debako
420 bat ahotsek.
Koktel horretako osagai guztiak Ramon Perez LaspeƱas musikariak proiekturako propio sortu duen orkestazioarekin nahastu, eta
filmeetako soinu banda antzerako bat osatu du Axular Arizmendi musikari eta ekoizle mutrikuarrak. Lau herriak asmo berarekin batu dira, eta
Itsas ertzeko euskal doinuak deritzon proiektu berritzailean jaso dituzte lau herrietan grabatutako kantu herrikoiak.
Mutrikuko Zabiel kultur etxean egindako grabaketa. Argazkia: Akelarre ikus-entzunezkoak
Zehazki, herri arrantzale bakoitzak itsasoarekin edo arrantzarekin zerikusia duten hiru abesti aukeratu ditu. Honakoak aukeratu dituzte: Mutrikun,
Ene Mutriku maitia,
Amets eta
Mutrikuarren doinuak; Ondarroan,
Boga-Boga,
Nere herria huraxe da eta
Ondarruko kantak; Lekeition,
Geure itsasua,
Kaiganian eta L
ekittoko kantak; eta Deban,
Hirugarren kalez kale,
Debako herriari eta
Debari abestia.
Arizmendik nabarmendu duenez, proiektua herritarrek egindako lanari esker gauzatu ahal izan da, eta
zinemara bideratu nahi izan dute, eta orkestazioa gehituta, jasotako kantu herrikoiak Napoleonen garaira eraman nahi izan dituzte. “Kantuei behar zuten handitasuna emateko, soinu banda eta guzti osatu ditugu”.
Musikari mutrikuarrak koordinatu du proiektu guztia, eta dena ondo bideratzea lan handia izan dela aitortu du. “Sekulako lana izan da, baina, merezi izan du, dudarik gabe”. Besteak beste, herriz herri grabazioak egiteko toki egokiak bilatu behar izan dituzte, akustika zehatz batekoak. “Akustika sikuak dituzten tokiak aukeratzen saiatu gara”. Eta grabazioak ere, ahotseka grabatu dituzte, nahasketa egiterako orduan hobeto moldatzeko. “Nahasketa egiterako orduan askoz lan gehiago egin behar izan dugu, baina emaitza hobea dela uste dut”.
Lekeitioko Ikusgarri zineman egindako grabaketa. Argazkia: Akelarre ikus-entzunezkoak
Proiektuaren arduradunak aurreratu duenez,
santomasetarako kalean egongo da diskoa. Edizio mugatua izango dela ere gaineratu du. “Proiektu xumea da gurea, eta herriko 400 bat ale kaleratuko ditugu. Gure asmoa ez da disko pila saltzea, jendearen bihotzetara ailegatzea baino”.
Diskoa kaleratzearekin batera,
proiektua ikus-entzunezkoan ere jaso dute. Akelarre ikus-entzunezkoak-en eskutik, saio guztiak grabatu dituzte, eta horien laburpen bat emitituko da egunotan, proiektuaren Facebook orrialdean. Era berean, herri bakoitzak grabatu dituen kanten inguruko azterketa ere egin dute, eta horiekin zerikusia duten protagonistei egindako elkarrizketak bideoan jaso dituzte.
Ondarroako Kofradia Zaharrean egindako grabaketa. Argazkia: Akelarre ikus-entzunezkoak
Debako palazioan egindako grabaketa. Argazkia: Akelarre ikus-entzunezkoak