Ondarroako Portuko Ranpak 9. urteurrena ospatuko du
Ondarroako Portuko Ranpak 9. urte daramatza ateak zabalik, eta ospakizunak hainbat kontzertugaz egingo dituztela jakitera eman dute. Hori dela eta, “jaialdi zoragarria” antolatu dute, gaur [abenduak 2] eta biharko [abenduak 3]. “Animatu eta etorri gurekin ospatzera”, nabarmendu dute aretoko ordezkariek.
Eta urteurrenari bere ikutua emate aldera, musikaz beteriko bi gau proposatu dituzte Portuko Ranpakoek. Gaur, hain zuzen ere, Gau elektronikoa egingo dute, eta bihar gauean, ostera, Hard rock estiloko doinuak ekarrriko dituzte oholtza gainera. Gaur, esate baterako, 22:00etatik 04:00etara, D.J. Tximasek eta D.J. Trampasek eskainiko dituzten saioekin gozatu ahal izango da.
Bihar gauean, ostera, herriko bi talde ezagunen kontzertuekin gozatu ahal izango dute Portuko Ranpara gerturatzen direnek, 23:00etatik aurrera. LauP4-ko Ruben Berneko, Jon Ansola, Miguel Maneiro eta Gorka Diez igoko dira oholtza gainera lehenengoko, eta ostean, Pornox-ko Buey, Reiriz, Seijo, Joseba eta Martzel.