Tolosako Xistera txapelak ihes egin die Markina-Xemeingo Mandiola eta Goitia puntistei
Xistera zirkuituko Elola Memorialaren finala jokatu zen atzo [abenduak 8], Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hiru norgehiagoka jokatu ziren, eta euretako bitan, Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistek parte hartu zuten.
Jaialdiaren lehenengo partidaren protagonistak neskak izan ziren. Partida nahikoa estua jokatu ondoren, Eneritz Lizardi mutrikuarrak eta Naroa Merino tolosarrak jantzi dute txapela. 15-13 irabazi zieten Nahia Calvo berriatuarrari eta Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrari.
Gazte mailan, berriz, Markina-Xemeingo Goitiak eta Mandiolak garaipena eskura izan bazuten ere, ezin izan zuten txapela irabazi; 6-13, 13-11 eta 5-4 irabazi zieten Mario Labianok eta Oskar Aguasek. Norgehiagoka, egia esan, emozioz beteriko izan zen. Hirugarren setean erabaki behar izan zen partida, tanto bakar bateko aldearekin.
Nagusi mailan, azkenik, Alberrok eta Ihitsaguek sufrituta irabazi dute finala. 13-12 eta 13-11 irabazi zieten Nabarte eta Urangari.