Gipuzkoa osotik etorritako
18 abesbatzek parte hartuko dute bihar [abenduak 14] eta etzi [abenduak 15] Mutrikuko Jasokunde Amaren parrokian egingo diren XVII. Gipuzkoako abesbatzen topaketetan.
Mutrikuko Anaiarte Biltokiak antolatuta, eta Mutrikuko Udalak lagunduta egingo dira topaketak, eta bertan, 635 lagunek parte hartuko dute. Eusebio Azkue Anaiarte Biltokiko presidenteak azpimarratu duenez, Mutrikun tamaina horretako topaketa bat egingo den
estreinako aldia izango da. “Guretzako hau dena antolatzea oso berezia eta garrantzitsua da. Hainbeste abesbatza batera ez da sekula Mutrikun egon eta”.
Gaineratu duenez,
bi urteurren bereziren harira egingo dira topaketak Mutrikun. “Aurten, Anaiarte Biltokiaren 25. urteurrena ospatzen ari gara, eta aldi berean, Mutrikuko Musika Eskola sortu zela 30 urte bete dira. Bi urteurren berezi horiei begira, Gipuzkoako Erretiratuen Elkarteari topaketak Mutrikun antolatzeko eskaera egin genion, eta horregatik egingo dira aurten topaketak Mutrikun”.
Anaiarte Biltokiko abesbatzako kideak, Atxukalen
Topaketei dagokienez,
16:30ean hasita izango dira kantaldiak, egunero, eta emanaldi guztiak doakoak izango dira. Egun bakoitzean bederatzi abesbatzek abestuko dute, eta bihar, esaterako, honako taldeek abestuko dute: Gure Kabia (Añorga), Buztintegi (Legazpi), Basotxo (Aretxabaleta), Zeba (Olaberria), Goizalde (Zumarraga), Nao Etxea (Alza), Club Jubilados (Trintxerpe), Pake Leku (Oñati) eta Centro Social Unzaga (Eibar).
Etzi, aldiz, honakoak igoko dira oholtza gainera: Abaroa (Arrasate), San Joxepe (Bergara), Orobione (Lazkao), Centro Social (Beasain), Kasino Zaharra (Hondarribia), Umore Ona (Ordizia), Aiton Borda (Lezo), Biyak-Bat (Lasarte) eta, azkenik, Anaiarte Biltokia (Mutriku).
Arantza Ugartek gidatuko du ekitaldia, eta talde bakoitzak
launa pieza interpretatuko ditu. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lau kantetatik bat Gabonekin zerikua duena izango da. Ikus-entzuleek, hala, estilo eta jatorri guztietako 72 kantu entzuteko aukera izango dute bihar eta etzi. Eta pieza gehienak euskaraz izango badira ere, tartean, gazteleraz edo ingelesez abestutakoak entzuteko aukera ere egongo da.
Anaiarte Biltokiko abesbatza
Mutrikuko abesbatzako 23 kideak Roberto Bergararen zuzendaritzapean jo eta su egon dira azken asteotan entsegatzen, eta hitzordua ailegatzeko desiratzen daudela adierazi dute. Euren parte hartzearekin itxiko dira topaketak, eta honako kantuak eskainiko dituzte:
Jaun handiak ikusazue Gabon kantua, Beatles taldearen
Michele eta
Yesterday kantuak eta, azkenik, Mutrikuko Txairo bikotearen
Lorerik ederrena.
Txairo bikotearen kantu ezagunari moldaketa bat egin diote, eta aurreratu dutenez, Anaiarte Biltokiko abesbatzak
topaketan estreinatuko du abestia jendaurrean. “Kantu hori aspaldikoa da berez, baina abesbatza batekin abestuko den lehendabiziko aldia izango da”.
Gipuzkoako abesbatzen topaketak, egitaraua