Hazilan proiektuan parte hartzeko urtarrilaren 19a arte izena eman daiteke
Gazteengan enplegua sustatzea helburu duen Hazilan proiektuan izena emateko aukera dute dagoeneko Lea-Artibaiko herritarrek.
Zehatz esateko, 20 eta 35 urte bitartekoei zuzendutako ekimena da. Eta parte hartzeko beharrezkoa da Goi Mailako ikasketak (unibertsitate ikasketak edo goi mailako L.H) izatea eta langabezian edo ordu gutxiko lanaldia izatea.
Parte hartzeko asmoa dutenek nurrutibeaskoa@leartibai.com helbide elektronikora mezua idaztea beharrezkoa da. Mezuan eguneratutako Curriculum Vitaea eta izena emateko dokumentua bidali behar dira.
Lea Artibai Garapen Agentziaren webgunean (www.leartibai.com) edo www.hazilan.eus eta eskualdeko zenbait udalerriren web orrialdeetan eskuratu daiteke aipatu dokumentua .
Gainera, informazio gehiago jaso zein zalantzak argitzeko telefono zenbaki honetara deitzeko eskatu dute: 946 16 90 88.
Urtarrilaren 23an hasi
Lea-Artibai eskualdean bi fasetan burutuko dute proiektua 2017an.
Aktibatu deritzan faseagaz urtarrilaren 23an hasiko dira, Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean. Parte hartzen dutenak 09:00etatik 14:00etara ariko dira bertan.
Aktibatu fasea gazteak motibatzean, inplikatzean eta aktibatzean oinarritzen da: “Pertsonengan motibazioa, erantzukizuna, helburuak kudeatzeko gaitasuna, komunikazioa eta abar sustatzea du xedetzat”.
Besteak beste, coach baten laguntzarekin alderdi psikologikoak eta emozionalak landuko dituzte, lanbide garapena lortzeko eta laneratzeko konpetentziak lantzeko.
Praktikan enpresetan
Halaber, Kokatu deritzan bigarren fasean, herritarrek enpresetan praktikak burutuko dituzte. Hain zuzen ere, parte hartzaile bakoitzari bere lanbide-profilaren araberako esperientzia erreala eskuratzeko aukera emango diote.
Praktika horiek hiru hilabetetik sei hilabetera bitartekoak izango direla jakitera eman dute.
Eskualdeko gazteei enplegua bilatzen laguntzeko asmoagaz, Leartibai Garapen Agentziak urte hasieran egin zuen bat HAZILAN proiektuagaz. Harekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste hemeretzi garapen agentzia ere badira bertako partaide.
5.000 enplegu sortu
Proiektuaren helburu nagusia 20 eta 35 urte arteko gazteen enplegagarritasuna hobetzea da, eta 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboan kokatzen da proiektua. Hala, Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 50ean, Garapenen koordinazioarekin.
Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, Eusko Jaurlaritza eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean martxan jarritako proiektuak 2016-2020 epealdian 5.000 enplegu sortzea du helburu.