Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko lanen azken gorabeheren berri emateko herri batzar zabala egingo da
bihar [abenduak 14], 18:00etan, Kalare Deuna kofradian.
Udal iturriek aurreratu dutenez, Kamiñaldeko lanen inguruko azken berriak emateaz gain, aurrera begira egin nahi dena ere azalduko da. Era berean, lanen finantzatze egoera gaur egun zelan dagoen jakiteko aukera egongo da, eta herritarrek dituzten kezkak argitu ahal izango dituzte.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak adierazi duenez, batzarra mendi magalean lanean ari diren
teknikoen azalpenekin hasiko dute. Teknikoek lanak zer fasetan dauden azalduko dute, eta lanak amaitzeko hurrengo eman beharreko pausoak zeintzuk izango diren ere zehaztuko dute. “Besteak beste, larrialdi egoerako lanak noiz amaitzea aurreikusten duten azalduko dute. Esan digutenaren arabera, fase hori otsailaren erdirako edo bukaerarako amaituta egongo da”.
Kaminaldeko mendi magalean egiten ari diren lanak
Larrialdi egoerako lanak, amaitzeko, batik bat, mendiaren azken zatiko lurra eta etxebizitzetako terrazetan eroritako harriak kentzea falta da. Aldi berean, Kamiñaldera doan errepidearen zati bat ere irekitzea aurreikusten da.
Larrialdi faseko lanak amaitu ostean, berriz,
urgentziazko lanak egin beharko direla gaineratu du Bedialaunetak. “Fase horretan, beheko aldea amaituko litzateke, eta Kamiñaldera doan bidea osorik zabalduta geratuko litzateke. Baina urgentziazko faserako ez dago oraindik dirurik bideratuta. Beraz, fase horretako lanak noiz hasiko diren ezin dugu oraindik ere zehaztu”.
Erakunde guztien beharra. Lanen inguruan herritarrak informatzeaz gain, horien finantzatzeari buruz ere ariko dira batzarrean. Udalak nabarmendu duenez, erakunde guztien laguntzaren beharra dute. “Larrialdi egoera batean erakundeei laguntza eskatzera derrigortuta gaude. 3,5 milioi euro bideratu ahal izan ditugu, baina horri aurre egiteko 2 milioi euroko mailegua eskatu behar izan dugu. Erakundeei laguntza eskatu diegu, baina, oraingoz, aldundiak bakarrik lagundu digu, 1,5 milioi eurogaz”.
Alkateak gogorarazi duenez, Kamiñaldeko lanen kostuari aurre egiteko, herrian egin beharreko
hainbat inbertsio atzeratu egin behar izan dira. “Kamiñalden arazo handia daukagu, baina beste gauza asko ere badaude herrian egiteko. Besteak beste, Nasa kalea urbanizatzeko dago, eta Kaleandi ere urbanizatu eta igogailua eraikitzeko proiektua ere hor daukagu. Horrez gainera, Zaldupe futbol zelaian aldagelak berriztea ere falta da, eta beste hainbat proiektu ere ez dakigu noiz gauzatu ahal izango diren”.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia