Miguel Angel Bilbao: "Pauso garrantzitsua da Xisteran eskola denak batzea, eta elkarregaz jokatzea"
Puntista markiñarren zein beste askoren inguruan asko ikertu duzu, eta 2009an Los Profesionales de la especialidad liburua kaleratu zenuen. 90. hamarkadan zestaren krisia ikusita erabaki nuen zestaren inguruan zeozer egin behar nuela. Niretzat zesta punta eta Markina oso lotuta daude. Markinak 126 urtez du zestagaz lotura. Herriak ia 500 pelotari profesional eman dizkio zesta puntari, eta hori aipatzekoa. Pilotari horiek Munduko gertaera historiko garrantzitsu askoren –gerra, iraultza, estatu kolpe etab–testigu izan dira. Esaterako, Fidel Castro 1950eko urtarrilean Habanan sartu zenean, han zeuden pilotari markinarrak edota Bigarren Mundu Gerran Manilan japoniarrek pilotari bat hil zutenean han ziren. Puntista markinarren kirol fitxekin hasi nintzen, baina, apurka-apurka beste batzurenak batzen ere hasi nintzen. Aipatu duzun liburuan 3000 pilotaritik gora agertzen dira, mundu eta garai guztietakoak, eta horietatik markinar profesionalak 400-500 artean dira, izen-abizenekin. Beste herrietan askoz gutxiago dira. Adibidez, Ondarroan, Mutrikun, Gernikan, Durangon ere beti ikusi dira pelotariak, baina, horietan 130 bat zenbatu nituen. Gure herriko kirol ondarea oso aberatsa da, eta hori txalotzekoa eta ezagutara ematekoa da. Horregatik, Markinan zestaren museo edota interpretazio zentro bat sortzea bultzatzen dugu. Ikerketa lan luze eta sakona egin duzu, eta esaterako, munduko frontoi askotako argazkiak eta informazioa ere jaso duzu. Hego Ameriketako, AEBtako, Europako, Asiako eta Afrikako 160 frontoitik gora ditut jasota, eta horien inguruan liburu bat idazteko asmoa badut. Pentsa, markinar askok jokatu zuten haietan! Gaur egun oso erraza da mugitzea, baina, orduan egoera bestelakoa zen, eta askok gainera gazteleraz ere ez zekiten! Gainera, frontoietara joaten ziren aktoreekin hartu-eman handia zuten, edo esaterako baita Ernest Hemingwayrekin ere, Habanan. Niretzat mundu zirarragarria da. Kiroletik aparte hainbat gauza daude kontatzeko. Gauza interesgarri asko topatu ditut. Artikulu asko idatzi ditut bai Markinari buruz eta baita zesta puntari buruz ere.“Markinan zestaren museo edota interpretazio zentro bat sortzea bultzatzen dugu”
Bitxikeria asko ere jasoko zenituen, ezta? Anekdota eta bitxikeria asko bildu ditut, bai. Liburu bat baino gehiago argitaratzeko besteko material asko dut gordeta: aldizkariak, argazkiak, kontratuak, denboraldien programak… Apasionantea da; egunero topatzen dut altxorren bat. Orain markinar puntistek lehiatutako partiden emaitzak topatzen nabil Interneteko hemeroteketan. Ez da lan erreza, baina, hor nabil. Mexikoko Cancha aldizkarikoak topatu ditut asko. Bartzelonako La Vanguardian ere informazio nahiko topatu dut. Han zesta jokatzen zen sei-zazpi frontoi zeuden; Bartzelonak historia oso aberatsa eduki du zesta punta munduan. Zaragozan, Bartzelonan edota Palman ere hainbat pelotari egon ziren. Leku horietan 16-17 urtegaz soldadutza egiten zuten askok, 21 urte egin aurretik, horrela gero, Espainiatik kanpo jokatzeko aukera izateko. Soldadutzan zeudela hango frontoietan jokatzen zuten.Niretzat mundu zirraragarria da; egunero topatzen dut altxorren bat”