San Ignazioko kaltetuek martxoan bueltatu ahalko dute euren etxebizitzetara
70 bat familiak martxoaren hasieran itzuli ahalko dute, eta kalte gehien izan dituzten etxebizitzetakoek, berriz, konponketak egin ostean. Udalak laguntza gehiago eskatu die erakunde publikoeiSan Ignazioko familia gehienak martxoaren hasieran beraien e...
70 bat familiak martxoaren hasieran itzuli ahalko dute, eta kalte gehien izan dituzten etxebizitzetakoek, berriz, konponketak egin ostean. Udalak laguntza gehiago eskatu die erakunde publikoei
San Ignazioko familia gehienak martxoaren hasieran beraien etxebizitzetara bueltatzea aurreikusten du Ondarroako Udalak. Hori adierazi zuten udal ordezkariek herenegun egindako herri batzarrean.85 familia dira beraien etxebizitzetara bueltatu ezinik jarraitzen dutenak. Eta gehienak martxoaren hasieran bueltatuko badira ere, hamar-hamabost fami- liaren kasuan itzulera data hori atzeratu egingo dela aurreratu du udalak. Hala, kalte handienak izan dituzten etxebizitzetakoek konponketak amaitu ostean itzuli ahalko dute.
Lanen finantzatzeari dagokionez, erakunde publikoen laguntza «behar-beharrezkotzat» jo du beste behin ere udalak. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak adierazi duenez, Ondarroa «larrialdi egoera» baten aurrean dago, eta «erakundeek euren ardurak» bete behar dituzte. «Eusko Jaurlaritzak baieztatu du gastuei aurre egiteko 2 milioi euro emango dituela 2017 hasieran; Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko 1,5 milioi euro eman ditu, eta Espainiako Gobernuari 2 milioi euroko laguntza eskatuta dago, baina momentuz ezin da jakin diru laguntza hori jasoko den edo jasoko dena zenbatekoa izango den. Oraindik beste 8 milioi euro airean daude, eta udalak dagoeneko 3,5 milioi euro ordaindu ditu».
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, larrialdi egoera horren aurrean erakunde publikoen aldetik laguntza gehiago ez balitz jasoko, Ondarroan epe laburrean gauzatu beharreko hainbat proiektu ezingo lirateke aurrera eraman. Eta horrek «herria hipotekatuko» luke. Hori dela eta, erakundeen laguntzaren beharra azpimarratu dute.
Beste alde batetik, abokatu baten aholkularitzagaz egoera aztertzen ari direla ere jakitera eman diete herritarrei, «une bakoitzean zein pauso eman erabakitzen laguntzeko». Eta horrelako egoera larri baten aurrean finantzatzea nondik lortu eta zein bidetatik jo erabakitzeko unean kanpoko aholkularitzaren beharra azpimarratu dute.