San Tomas eguna ospatuko dute
eguaztenean (abenduak 21),
Lekeition eta Ziortza-Bolibarren. Azken horretan, gainera, zapatuan (abenduak 17) hasiko dira ospakizunekin, eta domeka (abenduak 18), esaterako, Jubilatuen eta Umeen Eguna izango da.
Bihar (abenduak 17) txupinazoa bota ostean, baserritarren kalejira “bitxian” elkartuko dira herritarrak. Izan ere, lan tresna eta ortuariekin parodia egingo dute; errentero eta etxejabeen arteko etxe sari ordainketa irudikatuko dute.
Gero, herri afarian Gabon sasoi honetarako menu aproposa izango dute: Porru patatak saiheskiagaz, mihia saltsan, gaztaina erreak, gazta eta irasagarra, kafea eta kopa.
Jai Batzordetik baserritar janztera zein hiru egunetako ekintzetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Izan ere, astebururako zein eguaztenerako adin guztietako bizilagunek ondo pasatzeko hamaika ekitaldi prestatu dituzte.
San Tomas eguneko azoka, Mutrikun
Lekeitioko azoka. Halaber, beste urte batez, nekazal eta artisau zein abeltzainen topagune izango da Lekeitio. Eguazteneko azokan
36 ekoizle eta artisau elkartuko dira, eta horietatik 19 dira Lea Artibaikoak. Era berean, eskualdeko abeltzainek beren gunea edukiko dute aurten ere.
Ortuariak, frutak, ardi eta ahuntz gaztak, ogia eta gozogintzako produktuak, Bizkaiko txakolina, arrain kontserbak, eztia, txerrikiak, ahate produktuak, loreak eta besteak beste, egurra, zilarra edota larrua lantzen duten zazpi artisau egongo dira.
Etxe-abereen erakusketan, berriz, hegaztiak, animalia txikiak, zaldiak, behiak, idiak eta astoak egongo dira, besteren artean.
Mutriku eta Ondarroa. Bestalde, Mutrikun bihar (abenduak 17) izango da azoka eguna. Beste urte batez askotariko produktuak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Besteak beste, barazkiak, gozokigintza produktuak, baserriko ogia, gazta, eztia, ukenduak edota euskal txerriki eta iparraldeko Foie Gras postuak jarriko dituzte Goiko plazan.
Santo Tomas eguna, iaz, Ondarroan.
Halaber, ataungo talogileek ere ez dute hutsik egingo, eta herriko elkarte hauek beren gunea izango dute: Zabiel Eskulan Taldea, Gure Esku Dago, Presoen aldeko plataforma, Gazteleku, Axular Arizmendi eta Institutua.
Bestalde, Goienetxeren, Kostolaren, Nerea Epelderen eta Aitor Revueltaren animalien erakustaldia izango da. Hain zuzen ere, zezenak, behi katxenak, ardiak, ahuntzak, behorrak, Euskal pottoka, astoak, hegaztiak, poniak eta txerri mestizuak bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko dute.
Ondarroan, berriz, urtero legez pintxoak eta taloak jateko aukera egongo da bihar (abenduak 17), Zubi Zahar herri ikastolaren txosnan. Jai giroak hartuko du alde zaharra, eta ikasleek gabon kanten emanaldia eskainiko dute. Herri ikastolako irakasle zein gurasoek baserritarrez edo arrantzalez janzteko deia egin diete ondarrutarrei.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI:
- LEKEITIO: Abenduak 21 (eguaztena)
- 10:00. Azokaren eta abere erakusketaren hasiera.
- 13:30. Azokaren mahairik onenari sari banaketa.
- 14:00. Azokaren amaiera.
- MUTRIKU (abenduak 17, zapatua)
- 10:00. Azokaren hasiera, Goiko Plazan.
- 13:00. Trikitixa taldea kalejiran, kalez kale.
- 22:30. Gaztetxean: MRK Rock Gaua eta Huntza.
- ONDARROA (abenduak 17, zapatua)
- 11:00. Zubi Zahar herri ikastolaren txosna zabalduko dute, alde zaharrean.
- 13:30. Ikasleek Gabon kantak abestuko dituzte Zubi Zaharrean. Baserritarrez eta arrantzalez janzteko dei egin dute.
- ZIORTZA-BOLIBAR
- Abenduak 17 (zapatua)
- 19:00. Txupinazoa.
- 19:30. Baserritarren kalejira.
- 20:00. Herri afaria.
- Ondoren. Erromeria Joxpa taldearekin.
- Abenduak 18 (domeka)
- 12:00. Txistularien kalejira.
- 12:30. Meza nagusia.
- 13:15. Irrintzi saioa eta Txapel jaurtiketa jokoa.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Kanpape tabernan.
- 17:00. Umeen jaia. Tailerrak: txontxongilo, pintza sorpresa eta paperezko loreak. Bestalde, txikienentzat ludoteka mitologiko puzgarria, eta nagusienentzat saltoka egongo dira.
- Jarraian. Txokolatada.
- Abenduak 21 (eguaztena)
- 11:30. Txistularien kalejira.
- 12:00. Meza.
- Ondoren. Salda beroa kopauarekin, Arkupe tabernan.
- 17:00. Talo jana herritar guztientzat.