Gure Esku Dago sinadurak biltzen ari da Lea-Artibai eta Mutrikun
Gure Esku Dago herri dinamikek askotariko ekintzak egin dituzte asteburuan Lea-Artibain eta Mutrikun. Alde batetik, Markina-Xemeinen eta Berriatuan maiatzaren 7an herri galdeketak egin arte egingo diren ekintzak azaldu, lan lerroak zehaztu eta horiek guztiak herritarrei aurkeztu zizkieten. Bestalde, Markina-Xemeinen, Berriatuan, Mutrikun, Ondarroan eta Lekeition sinadura bilketei hasiera eman edo batzen jarraitu dute.
Mutriku. Zapatuan [abenduak 16] sinadurak batzen jarraitu zuten. Eta gutxienez behar zuten sinadura kopurua (600) lortu ere egin zuten. “Mutrikun galdeketa egin ahal dugu”, azaldu zuten.
Ondarroa. Herri dinamikak 580 sinadura bildu zituen zapatuan [abenduak 17], alde zaharrean eta Alamedan jarri zituzten mahaietan. Hilaren 24an eta 31n eguerdian berriro jarriko dituzte mahaiak, leku beretan.
Berriatuan, esaterako, domekan [abenduak 18] aurkeztu zuten datozen hilabeteetan egingo diren ekintzak. Eta bide beretik, sinadurak batzen ere hasi dira. Oro har, herri guztiek 16 urtetik gorako herritarren sinadurak batu behar dituzte (gutxienez 16 urtetik gorako biztanleria osoaren %10 sinadura behar dituzte).
Markina-Xemein. Sinadura bilketari hasiera eman zioten barikuan [abenduak 16]. Eta herritarrek bi hilabeteko epea edukiko dute euren sinadurak emateko. “500 sinadura behar dira, gutxienez”. Sinadura emateko ondoko egutegia egongo da: abenduak 23, 30 eta urtarrilak 5 eta 6 (19:00etatik 21:00etara Kontzekupean), abenduak 31 16:00etatik 19:00etara Zelaian, eta Barinagako San Pedro jaietan eta eguen batzuetan, plazan.
Lekeitio. Sinadura bilketa egin zuten zapatuan [abenduak 17], Eskolapean. Hurrengo sinadura bilketak ondoko egutegia edukiko du: abenduak 21 12:00etatik 14:00etara, udaletxeko eskaileretan; 24an 12:00etatik 14:00etara, Eskolapean; 28an 11:00etatik 13:00etara, merkatu plazan; 31n 12etatik 14:00etara, plazan.
Galdera zehazteko. Lea-Artibai mailan galdeketa egingo duten herriek, gainera, batera zehaztuko dute galdera. Hori guztia zehazteko, elkarte bat sortu duten, eta horretan herri dinamika bakoitzeko ordezkari bat dago: Gure Esku Dago Lea Artibai da elkartearen izena.
Motorrak martxan jarrita, sinadurak batzeaz gain, galdeketara begira herritarrak aktibatzea dute helburu herri dinamikek. Eta ondorioz, maiatzaren 7an galdeketak egin arte, askotariko ekintzak egingo direla iragarri dute.
IRUDIETAN: Asteburuan herri ezberdinetan egindako ekintzak