Azokak eta jaia, Santomasetan
Santo Tomas ospatu dute asteburuan Mutrikun, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren. Azoka egongo da bihar, Lekeition, 10:00etatik aurreraAzokak eta giro ona ekarri dituzte San Tomasek Lea-Artibai eta Mutrikura. Azoka egin zuten zapatuan Mutrikun, eta bihar ...
Santo Tomas ospatu dute asteburuan Mutrikun, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren. Azoka egongo da bihar, Lekeition, 10:00etatik aurrera
Azokak eta giro ona ekarri dituzte San Tomasek Lea-Artibai eta Mutrikura. Azoka egin zuten zapatuan Mutrikun, eta bihar Lekeitiok hartuko dio txanda; Ondarroan ere, txosna jarri zuen alde zaharrean Zubi Zahar herri ikastolak, eta Ziortza-Bolibarren jaiak ospatzen ari dira.Jendetza batu zen zapatuan Mutrikuko azokan. Eguerdian hasi zen plaza jendez betetzen, eta 14:30ak arte jendea joan-etorrian ibili zen. Orokorrean, nahikoa herritar ibili ziren azokan erosketak egiten. Eta taloa jateko saltokia bisitatu zutenak ere asko izan ziren. Bestalde, herriko trikitilariek ere saioa eskaini zuten 13:00etan.
Ondarroan, berriz, urtero legez, pintxoak eta taloak jateko aukera egon zen Zubi Zahar herri ikastolak, Santo Tomas ospatzeko, alde zaharrean jarri zuen txosnan. Urtero modura, eguerdian batu zen jende gehien txosna inguruan, eta taloak jateko ilarak sortu ziren. Gabon giroa izan zen nagusi, batez ere, ikasleek Gabon kanten emanaldia eskaini zuten bitartean.
Usadioak berreskuratzen
Bestalde, Jairako gogo eta giro onik ez dute falta izan Ziortza-Bolibarren asteburuan. Zapatu iluntzean hasi zituzten jaiak baserritarren kalejiragaz, eta San Tomas egunean amaituko dituzte ekimenak, talo jan herrikoiarekin.
Urtero modura, lan tresna eta ortuariak hartuta, errentero eta etxejabeen arteko sari ordainketa irudikatu zuten ume, gazte eta nagusiek, eta herri afarian batu ziren gero 164 lagun, Joxparen dantzaldiagaz zapatuari amaiera bikaina emateko.
Zapatu gauean ibilita bazeuden ere, domeka goizean, jaiagaz jarraitzeko gogoz, plazan elkartu ziren Ziortza-Bolibarko bizilagunak. Txistulariek alaitu zituzten kaleak meza aurrean bai eta ostean ere, irrintzi saioarekin hasi aurretik.
Lau herritar animatu ziren irrintziak botatzera: Nerea Foruria, Alazne Etxebarria, Maitane Polo eta Jabi Polo. Eta ume batek ere bere ahalegina egin zuen. Bi bidar bota zuten irrintzia zein baino zeinek luzeago.
Parte hartze handiagoa eduki zuen, jarraian egin zen txapel jaurtiketak. Txiki, gazte eta nagusiak animatu ziren txapela jaurtitzera. Iaz egin zen txapel jaurtiketa lehen aldiz, eta zaletasuna badagoela erakutsi zuten.
Arratsaldean ere, jolaserako aukera eduki zuten umeek. Tailerrak, puzgarriak eta txokolatada eduki zituzten, nahi beste gozatzeko.
Asteburua pasatuta, bihar jarraituko du jaiak Ziortza-Bolibarren. Txistularien kalejirak iragarriko du San Tomas eguna, eta 12:00etako mezaren ostean, salda beroa eta kopaua hartzeko aukera edukiko dute Arkupe tabernan batzen diren guztiek. 17:00etan, berriz, talo jana egongo da herritar guztientzat.
Lekeition ere, bihar egingo dute azoka. Urtero bezala, ohiko azokaz gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa egongo da ikusgai. 10:00etan irekiko ditu azokak ateak, eta 13:30ean azokako mahairik onena sarituko dute. 36 dira Lekeitiora hurbilduko diren ekoizleak eta artisauak, salmenta zuzena egiteko, 19 Lea Artibai eskualdekoak.
41 animali buru, hegaztiak eta animali txikiak egongo dira eskualdeko abeltzainen gunean.