Preso eta iheslarien egoerak okerrera egin duela salatu dute
Presoak kalera ateratzeko eskaeraz gain, konpromisorako eta borrokarako deia egin zuten zapatuan, Lea-Artibain, Mutrikun eta BusturialdeanEskualdeko hainbat preso eta iheslari ohi batu ziren zapatuan Gernika-Lumon, Ondarroan eta Mutrikun, euskal preso ...
Presoak kalera ateratzeko eskaeraz gain, konpromisorako eta borrokarako deia egin zuten zapatuan, Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean
Eskualdeko hainbat preso eta iheslari ohi batu ziren zapatuan Gernika-Lumon, Ondarroan eta Mutrikun, euskal preso eta iheslariek kalean egon behar dutela aldarrikatzeko, eta «etorkizunari konponbiderako ekarpena egin gura dion EPPk-ko kideak babesteko».Azken bost urteetan gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko pausorik eman ez izana kritikatu zuten. Gainera, espetxeetako egoera aurreko urteetakoa baino larriagoa dela esan zuten: «Presoak espetxetik ateratzeko aukera gutxiago ikusten ditugu; ezartzen duten espetxe legeria salbuespenean, neurrigabekerian eta mendekuan oinarrituta baitago».
Kalera kalera ekimenaren baitan egin zituzten agerraldiak. Eguerdian bildu ziren, esaterako, Gernikako Pasealekuan. Bertan, presoak kalera ateratzeko eskaeraz gain, konpromisorako eta borrokarako deia ere egin zuten. Era berean, abenduaren 30ean, 20:30ean, Gernikan egingo duten ekimenagaz bat egiteko deia egin zieten Busturialdeko bizilagunei. Halaber, jakinarazi zutenez, Usurbilen egiten ari diren itxialdiarekin bat egin eta parte hartzeko nahia dute.
Mutrikun, aldiz, elkarretaratzea egin zuten Goiko Plazan, zapatuan, 13:00etan.
Ondarroan, azkenik, kandelak banatu zituzten iluntzean Itsasaurren bildu zirenen artean, eta ordu laurden ingurura, Ibon Iparragirreren etxeratzea eskatzen zuen pankarta argitu zuten kandelekin.
Presoak kalean
«Preso eta iheslariek etxean behar dute, noski, baina kalean ere behar ditugu, gure aldamenean, bakearen eta askatasunaren alde borrokan jarraitzeko», diote.