Arranondo herri aldizkariaren koordinatzailea zapatuan [abenduak 31] hil zen, 66 urtegaz. Zubikarai herri aldizkarian aritu izan da, orain 25 urte aldizkaria sortu zenez geroztik,
Txomin Agirre ikastolako irakaslea izan zen eta herriko Ondarroako
EAJ-ren Uribatzarraren idazkaria ere bazen orain momentuan (urteetan herriko Uribatzarraren presidentea ere izan da).
Bera ezagutu zutenek diotenaren arabera, “emakume behargina, abertzale zintzoa, eta bere aita Augustin Zubikarai zenaren ildotik jasotako euskalzaletasuna landuz aritu zen”. Hain zuzen ere, betidanik egon izan da Ondarroako
herri aldizkariari lotuta.
Arranondo aldizkariaren sorreratik ibili izan zen beharrean Beatriz Zubikarai. Hasieran Augustin Zubikarai aitagaz, eta hura 2004an hil zenez geroztik, hark hasitako lanari jarraipena eman zion, Arranondo Kultur Elkarteko kultur beste kideekin batera.
![Beatriz Zubikarai 'Arranondo' aldizkaria eskuetan](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2017/01/Beatriz-Zubikarai-Arranondo-aldizkaria-eskuetan.jpg)
Beatriz Zubikarai ‘Arranondo’ aldizkaria eskuetan
Arranondo kultur elkarteko kideek azpimarratu dutenez, “lur jota” geratu dira. “Kolpe handia izan da guretzako”. Zubikarai modu batera edo bestera,
Arranondo aldizkariaren eta kultur elkartearen
“arima, bihotza eta ardatza” izan dela diote, eta hutsune handia laga duela adierazi dute. “Aita hil zenean bera izan zen Arranondoko zuzendaria, koordinatzailea, arima bera izan da. Bera zen proiektuaren motorra, eta besteok hor ibili izan gara kolaboratzen, beragaz batera. Gauza asko egiten zituen Arranondoren barruan isilpean, ia inor entera barik, dakigunak eta ez dakigunak, eta bera falta denean horiek denak igarriko ditugu”. Arranondoko kideek adierazi dutenez, aurrerantzean Zubikaraitarrek hasitako beharrari jarraipena ematen ahaleginduko dira.
Bere hurrekoen arabera, pertsona apala, diskretua eta xumea zen; “protagonismoa ez zitzaion asko gustatzen”. Hala ere, berak egindako beharra bai Arranondon eta baita herrian ere, nabarmentzekoa dela diote. “Beatrizek behar asko egin du euskararen alde, herriko euskararen alde, eta jendeak euskaraz irakurtzeko ahalegin berezia egin du”.