2007an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako moilan egindako lanek Nasa, Kaleandi eta Kantoipe kaleetako etxe eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzeko lanak
urrian hastekoak baziren ere, beranduago hasi dira. Kantoipe kaleko 2 eta 4 atarietan, esate baterako, Gabonen inguruan egin zituzten fatxadak kanpotik konpontzeko hainbat lan, eta orain, Nasa kaleko 13, 15, 17, 19 eta Kaleandi 1 eta 7ko fatxadak konpontzeko lanekin hasi dira. Zehazki, astelehenean [urtarrilak], aldamioaren zati bat ipini zuten Nasa kaleko 19. atariaren parean.
Hain zuzen ere, aldamioa ipintzeko lanekin hasi dira Nasa kalean. Momentuz, zati batean ipini dute aldamioa, eta gaur [urtarrilak 4] aldamioa ipintzen ari den enpresako arduradunak egon dira, aldamioa ikuskatzen. Izan ere, aldamioaren egitura egonkorra dela egiaztatu behar da, eta hori ikuskatzen ibili dira arduradunak. Ostean, berriz, etxeen fatxadak eta etxebizitzen eta lokalen barruko aldeak konponduko dituzte. Kaltetuek adierazi dutenez, etxebizitza eta lokal barruetan egin beharreko lanak astelehenean [urtarrilak 9] hastekoak badira ere, ez dute horren inguruko jakinarazpenik.
![Aldamioa Nasa kaleko 19. atariaren parean](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2017/01/Aldamioa-Nasa-kaleko-19.-atariaren-parean.jpg)
Aldamioa Nasa kaleko 19. atariaren parean
Auzoko dendariek adierazi dutenez, Jaurlaritza lanekin hastea
“berri pozgarria” da. Dena dela, dendariak kexu dira lanak eurek eskatu baino arinago hasi direlako; “aldamioa Gabon jaietan bete-betean ipintzen hasi dira”. Diotenez, urrian hasi behar ziren lanekin, baina Gabon bueltara atzeratuko zirela jakin zuten batzar batean. Hori jakinda, data zer edo zer atzeratzea eskatu zuten. “Lanak lehenbailehen amaitzea nahi dugu, baina atzeratu egingo zirela jakinda, beranduago hasteko eskaera egin genuen. Urte sasoi honetan izaten ditugu salmenta gehienak, eta aldamioak erakusleiho aurrean ipinita edukitzeak kalte egingo zigunez, aldamioa beranduago ipintzeko eskatu genuen”.
Dendariek jakin ahal izan dutenez, lanak datorren astelehean [urtarrilak 9] hastekoak baziren ere, arinago hasi dira egitura ipintzen. “Arduradunek esan digutenez, lanak aurrerago hasteko agindua jaso dute, eta horregatik hasi dira astebete lehenago”.
Milioi erdi euro baino gehiago. Nasa kaleko 13, 15, 17 eta 19, Kaleandi 1 eta 7 eta Kantoipe kaleko 2 eta 4ko eraikinen fatxadak eta barrualdeak konpontzeko lanei dagokionez, horiek Eusko Jaurlaritzak agindu ditu, eta 597.309,14 euroko aurrekontua dute. Jaurlaritzak adierazitakoaren arabera, eraikinen fatxadak konpontzeko kanpoko lanetarako 211.300,22 bideratuko dira, eta gainontzekoa etxebizitza barrualdeak konpontzeko barneko lanetarako bideratuko da.
Jaurlaritzak, bestalde, bi enpresa kontratatu ditu lanak egiteko: Zamakoa Eraikuntzak S.A. eta Bycam Eraikinak eta Azpiegiturak S.L. Eraikinen fatxadak konpontzeko kanpoko obrak Zamakoa Eraikuntzak S.A.k egingo ditu eta etxebizitza barrualdeak konpontzeko barneko obrak, ostera, Bycam Eraikinak eta Azpiegiturak S.L. egingo ditu.
Kronologia:
- 2007ko martxoa: Artibai ibaia zabaltzeko lanak hasi ziren, Alamedan, “auzotarren kexei kasurik egin barik”. Aurretik, ibaia dragatzeko lanak egin zituzten.
- 2007ko ekainetik uztailera: ibaia zabaltzeko lanak Zubi Zaharrera ailegatu ziren.
- 2007ko udazkena: Nasa kaleko bizilagunek kalteak salatu zituzten: eraikinetan arrakalak sortu ziren eta espaloia bost zentimetro hondoratu zen.
- 2008ko uztaila: Jaurlaritzak auzotarrek behin eta berriz eskatutako azterketa geotekniko bat egingo zuela esan zuen. Kaltetuei ordura arte sortutako kalteen aurrekontua aurkezteko eskatu zien.
- 2009ko apirila: “arduradunen utzikeria ikusita”, auzotarrek batzordea osatu eta abokatu bat kontratatu zuten.
- 2009ko apirilaren 1a: azterketa geoteknikoaren emaitzak auzotarrei erakutsi zizkien Jaurlaritzak. Baina azterketak kaltetutako etxeak ez zituela kontuan hartzen konturatu ziren. Kalteen konponketak aseguru etxeari zegokiela (Mapfre) esan zieten.
- 2009ko uztaila: arduradunek etxeetako oinarriak zelan zueden ikusteko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Horrez gain, arrakalak zaindu eta eraikinen mugimendua kontrolatzeko neurriak hartu zituzten.
- 2009ko abenduaren 10a: azterketek baieztatu zuten eraikinak mugitu egin zirela, eta Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzako arduradun Felix Asensiok konponketak egiteko konpromisoa hartu zuen: egoera larrienean zeuden eraikinak zutoinekin eusteko eta oinarriak aztertzeko ingeniari bat kontratatzeko erabakiak hartu zituzten.
- 2010eko otsaila: etxeetako oinarrietan zutoinak ipintzen amaitu zuten, eta eraikinak aztertu eta gero, oinarrien azterketa egiteko “berehalako premia” mahairatu zuten teknikariek.
- 2010eko otsailetik aurrera: Jaurlaritzak, Dragadosek eta Mapfrek ez zituzten eskatutako lanak egiteko datak zehaztu. Horrez gain, urte osoan, kaltetuek Ondarroako Udaleko Batzorde Kudeatzailearen babes falta salatu zuten.
- 2011. urtea: Teknikariak hilean bi aldiz (hamabost egunetik behin) ikuskatzen zituzten etxebizitzetako kalteak.
- 2011ko martxoa: Arrakalak konpontzeko lanak “egun batetik bestera” hasiko zirela esan zuten. Lanak amaitzeko urtebeteko epea eman zuten. Tarte horretan, telefono loturak eta mikropiboteak sartu behar zituzten.
- 2011ko martxoa: dendak hustu behar izan zituzten.
- 2011ko ekaina: Jaurlaritzak moilako lanak eten zituen; makinak eroan zituzten eta mikropiboteak sartu barik utzi zituzten. Horren harira, bizilagunek pankarta ipini zuten Nasa kaleko 13. zenbakitik 19ra arte: SOS, obrak gelditxu? Danok dardaraka. Eusko Jaurlaritza arduradune zaz. Mapfre-Dragados zer dabizue? SOS, hau lotsagarrixe da.
- 2011ko ekaina hasiera: etxebizitzak burdinezko aldamioarekin eusteko erabakia hartu zuten Mapfrek eta Dragadosek. Aldamioa Nasa kaleko 13. zenbakitik 19raino ipintzea adostu zen.
- 2011ko iraila: aldamioa ipintzen hasi ziren eta kalea bederatzi hilabetez itxita egongo zela esan zuten. Fatxadak egonkortu eta gero, etxebizitzak zein saltokiak barrutik konpontzen hasiko zirela gaineratu zuten.
- 2011ko irailak 29: Nasa kalea oinezkoentzat itxi zuten.
- 2011ko urria: aldamioa ipintzeko azken fasea amaitu zuten. Aldamioa 2012ko martxora arte egongo zela esan bazuten ere, 2012ko uztailean kendu zuten.
- 2011ko azaroaren 7a: Nasa kalea oinezkoentzako zabaldu zuten; herritarrek aldamio azpitik pasatu behar izaten zuten.
- 2012ko urtarrila bukaera: Amankomunazgoko kamoi batek aldamioa jo eta egitura mugitu zuen. Kalea oinezkoentzat itxi zuten.
- 2012ko otsailaren 19a: hiru aste eta gero, berriro ere kalea oinezkoentzako zabaldu zuten.
- 2012ko uztaila: aldamioa kendu zuten.
- 2012ko abuztuaren hasiera: Nasa kalea ibilgailuentzat zabaldu zen.
- 2012ko azaroa: denda jabe gehienek euren saltokietara buelta egin zuten; Urrosolo bitxidenda 2013. urte hasieran bueltatu zen.
- 2012ko azaroa: etxebizitzetako neurketak hilean behin egitera pasatu ziren. Horrez gain, dendariek saltokietan egindako konponketak euren poltsikotik ordaindu behar izan zituztela salatu zuten.
- 2013ko urtarrila: Nasa, Kantoipe eta Kale Handiko kaltetuek inplikatzeko eskatu zioten udalari; adierazpen instituzionala egiteko eskatu zioten.