IX. Berriatuko Ermiten Ibilbidearen antolatzaileak pozik agertu dira. Berriatuko mendizaleek eta Berriatuko Udaleko arduradunek igorritako datuen arabera, azken egunotako tenperatura hotzei aurre egin zieten 390 mendizalek parte hartu zuten atzo [urtarrilak 8] mendi martxan. “Orokorrean jendea oso gustura ikusi dugu. Aurten ere giro ederra egon da, eta kopuru aldetik oso pozik gaude. 400 parte hartzaile inguru batu nahi genituen, eta helburua bete egin dela deritzogu”.
Gaineratu dutenez, Berriatuko eta eskualdeko herritarrak izan ziren parte hartzaile gehienak, baina urrutiagotik etorritakoek ere parte hartu zuten kirol proban. “Besteak beste, Bilbo ingurutik edo Hendaiatik etorritako bat edo bestek ere parte hartu zuen”.
Berriatuko Ermiten Ibilbidearen parte hartzaileak herriko plazan, proba hasi aurretik. Argazkia: IƱigo Gogenola
Probari dagokionez, mendizaleek 08:30ean irten zuten udaletxe paretik, “eta indarren arabera”, 21 kilometroko ibilbide luzea edo 14 kilometroko ibilbide laburra egiteko aukera egon zen. Herria inguruatzen duten ermiten albotik igarotzen den ibilbide bat zein bestea egin ondoren, parte hartzailea herriko plazan batu ziren, hamaiketakoan.