Kepa Arrizabalaga
Athleticeko atezainak min hartu zuen atzo [urtarrilak 8] eskumako izterrean, San Mamesen
Alavesen aurkako neurketan. Athleticeko zerbitzu medikuen arabera, eskuin koadrizepseko aurreko gihar zuzenean dauka lesioa. Egin dizkioten froga osagarrien arabera, zehazki, 2-3 graduko haustura atzeman diote eskuin koadrizepseko hurbileko miotendinoso lotunean.
Gaineratu dutenez, hurrengo egunotako bilakaerak zehaztuko du gaixoaldia. Eta talde zuri gorriak ezer baieztatu ez baldin badu ere, denbora luzean ezingo du jokatu ondarrutarrak; susmo batzuen arabera, lau-zortzi astez egon daiteke berdeguneetatik kanpo. Valverdek atzo partida bukaeran egindako adierazpenetan azpimarratu zuenez, “lesioa luzarorako izan ahal da”.
Kepa Arrizabalaga berdegunean jarrita, minez. Argazkia: Athletic Club
Lesioari dagokionez, eskuinagaz baloia kolperatzerako orduan hartu zuen min Arrizabalagak. Zehatz esanda, Alavesen aurkako derbiaren lehen zatian lesionatu zen, 33. minutuan. Sakea atera ostean, lurrean etzan zen, eskumako izterrari eutsiz, minez. Berehala aldaketa eskatu zuen, eta talde zuri-gorriko medikuek artatu eta gero, ezin zuela jokatzen jarraitu baieztatu zuten.
Aldaketa eskatu orduko, talde medikuak lagunduta irten zuen zelaitik ondarrutarrak, eta 35. minutuan ordezkatu egin zuen Gorka Iraizoizek.