Kamiñaldeko lur jausia gertatu zenez geroztik hamar hilabete igaro direla, eta orduz geroztik euren etxebizitzetatik, lokaletatik eta lurreratik kanpora jarraitzen dutela gogorarazteko elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek, atzo [urtarrilak 8], Alamedan. Saiñazio mendi azpixan gestorak egindako deialdiagaz herritar askok bat egin zuen, eta dozenaka izan ziren gestorako zapi gorria soinean ipinita agertu zirenak ere.
Euren etxeetara oraindik noiz bueltatuko diren ez dakitela nabarmendu zuten. Hain zuzen ere, 84 familiak euren etxebizitzetatik kanpora jarraitzen dute oraindik ere. Horietatik, erdiak, gutxi gora behera, martxoan bueltatu ahal izango dira euren etxebizitzetara, baina etxebizitzetan kalteak jasan dituztenak, ostera, gehiago itxaron beharko dute. Zehatz esanda, bizilagun horiek etxeak konpondu arte horiek zain egon beharko dute, eta oraindik ez da zehaztu noiz egingo diren konponketa horiek.
Bestalde, mendi magalean egin beharreko lanak ordaintzeko dirua nork jarriko duen eta lanak zelan bideratuko dituzten ez dute hitzartu erankundeek, eta horrek kezkatuta dauzka kaltetuak.
Herritarrek Alamedan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Saiñazio Mendi Azpixan