Kalean hainbat sinadura bilketa egin eta gero, Ondarroako
Gure Esku Dago herri dinamikak Kantoipen duen lokalean jarraituko du kanpainagaz.
Sinadura bilketa otsailaren 15ean amaitzen denez,
astean hirutan batuko dituzte sinadurak lokalean. Zehatz esanda, gaurtik [urtarrilak 9] hasi eta otsailaren 10a bitartean, astelehenero, eguaztenero eta barikuero sinadura batzen egongo dira 12:00etatik 14:00etara. “Nahi dabenak tarteka-tarteka sinadura emateko aukera izango du”.
Herri dinamikako arduradunek nabarmendu dutenez, gutxiengo sinadura kopurua lortu bada ere –kontsulta aurrera eramateko 775 sinadura behar ziren, eta, dagoeneko, 1.146 sinadura batu dira– sinadurak biltzen jarraitzeko asmoa dute. “Gutxiengoa lortu badugu ere, Ondarroan hori eta gehiago lortzeko gai garela uste dugu, eta ahalegina egingo dugu. Sinadura gehiago batu nahi ditugu. Beste herrietan zenbat eta sinadura gehiago lortu, herri galdeketa egiterako orduan ere, datuak bat etorri dira. Hau da, sinadura gehiago batu diren herrietan, gero herri galdeketan jende gehiago joan da bozkatzera”.
Eta kanpaina otsailaren 15ean amaitzen denez, azken txanpan, otsailaren 11n eta 12an, Alamedan egongo dira sinadura batzen. “Mahai bakarra ipiniko dugu falta diren azkenek sinatzeko aukera izan dezaten”.