XVII. Urrezko binakako aizkolari txapelketa-Eusko label saria txapelketako faboritoek hasieratik erakutsi dute euren maila, eta txapelketako lehen bi puntuak eskuratu dituzte. Ugaitz Mugertzak eta Aitzol Atutxak erraz irabazi zuten atzo [urtarrilak 8] Deban jokatu zuten Urrezko Aizkorako sailkapen faseko lehen jardunaldia.
Azken hiru urteotako txapeldunek, hain zuzen ere,
minutu bat eta 35 segundo aldearekin hartu zituzten mendean Iñaki Azurmendi (Jon Irazu ordezkatu zuen) eta Patxi Mindegia aurkariak. Aizkolari mutrikuarrak eta dimoztarrak sasoiko daudela erakutsi zuten, eta jokoan zeuden lehen bi puntuak lortzeko 19 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten.
Lehen jardunaldiari dagokionez, bikote bakoitzak, sei probatan banatuta,
hamabi enbor moztu behar izan zituen. Lanei dagokionez, bestalde, aurrea hartzen lehenak Mugertza II.a eta Atutxa II.a izan ziren, eta ia proba guztietan aurretik ibili zen bikote irabazlea. Jardunaldiko azken probara 40 segundoko aldearekin heldu ziren, eta proba amaitu orduko, abantaila hori beste horrenbeste handitzea lortu zuten.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa, iazko txapelketan aizkoran. Argazkia: Urola Kostako Hitza
Hurrengo kanporaketari dagokionez, Mugertzak eta Atutxak
urtarrilaren 21ean jokatuko dute bigarren kanporaketa. Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo
Arria V izango dituzte aurkari Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan jokatuko den kanporaketan.
Sei bikote. Kategoria nagusiko bikotekako txapelketari dagokionez, ohi modura, sei bikoteren artean jokatuko da. Bikote horiek taldeetan hirunaka banatuta jokatuko dituzte kanporaketak: A eta B taldeetan. A taldean honako hiru bikoteak daude: Ugaitz Mugertza II-Aitzo AtutxaII, Joseba Otaegi-Xabier Orbegozo
Arria V eta Jon Irazu-Patxi Mindegia. B taldea, aldiz, honako aizkolariek osatzen dute: Iker Vicente-Ruben Saralegi, Jon Rekondo-Donato Larretxea eta Juan Jose Lopez Azpilikueta-Eneko Otaño.