Larriki gaixorik dauden presoen senide zuzenek eta
Etxerat elkarteko kideez osatutako ordezkaritza bat Bruselara joan da gaur [urtarrilak 10]. Bertako talde batzuetako europarlamentariekin batuko dira, euskal presoen egoeraren berri emateko. Zehatz esateko, larriki gaixorik dauden 12 euskal preso politikoen egoera mahai gainean ipiniko dute.
Gaiaren berri eman, eta presoek bizi duten egoera salatzeaz gain, gaiari
“merezi duen trataera” ematea ere eskatu nahi dute. “Gure asmoa, berehalako irtenbidea behar duen egoera baten berri ematea da: gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 12 euskal preso politikoena. Egoeraren eta ondorioen irismena azaldu nahi diegu europarlamentariei, eta konpromiso berriak eskuratu. Bilera hauekin ea gure helburua lortzeko eta beste konpromiso batzuk lortzeko aukera daukagun”.
Etxerat-ek gogorarazi duenez,
2015ean izan zituzten lehen harremanak hainbat parlamentarirekin. Bisitatuko dituzten europarlamentari taldeek, hain zuzen ere, iazko otsailean Euskal Herria bisitatu zuten euskal presoen egoera bertatik bertara aztertzeko, eta –GUE/NGL talde ezkertiarrekoak eta ALE-Berdeak taldekoak–plazaratutako txostenaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera izan zen gehien kezkatu zituen kontua.
Etxerateko hainbat ordezkari Donostian, atzoko prentsaurrekoa eta gero. Argazkia: Etxerat
Etxeratek azpimarratu duenez, gainera, larriki gaixorik dauden presoek bizi duten
egoera larria da; “ez soilik kaltetuentzat, baizik eta haien senide eta lagun guztientzat”.
Nabarmendu dutenez, gainera, “berez delikatua den” preso horien
osasunak okerrera egiten du egunez egun, eta horien osasunaren eskubidearen gainetik, espetxe politika “berezi eta gogor baten” bizi baldintza pairatzen dituzte. “Hobera joateko edota gaixotasuna geldiarazteko aukerak tratamendua lortzeko eta mediku jarraipen egokiak lortzeko zailtasunengatik oztopatuak dira; osasun asistentzia eza, kasu askotan, isolamenduarengatik, tentsioengatik eta baita erasoengatik. Eta egungo legediak beraienak bezalako gaixotasun kasuetan aintzat hartzen duen askatasuna, sistematikoki nola ukatzen zaien ikusten dugu”.
Larriki gaixorik dauden presoen kopurua gora. Euskal presoen osasun laguntzaz arduratzen den Jaiki Hadi elkarteko kideek ohartarazi dutenez, bestalde, gaur egun,
22 preso daude gaitz larri eta sendaezinekin –horietatik hamarrek izenak publiko ez egiteko eskatu dute–.
Jaiki Hadik jakitera eman duenez, EPPK-ko kideak gutxiago badira ere, preso gaixoen kopuruak gora egin du
Horien artean daude: Ibon Iparragirre preso ondarrutarra, Txus Martin, Josetxu Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gari Arruarte, Iñaki Etxeberria, Aitzol Gogortza, Ibon Fernandez Iradi, Jagoba Codo, Gorka Fraile, Joseba Borde eta Manu Azkarte. Horiei gainera, ez zaie espetxealdi arindua onartzen.
Fernando Arburua psikologo eta Jaiki Hadiko koordinatzaileak jakitera eman duenez, Euskal Preso Polilitikoen Kolektiboko kideak gutxiago izan arren, preso gaixoen kopuruak gora egin du, eta horien
“egoera are eta larriagoa” da; besteak beste, haien adinagatik eta jasotzen duten tratuagatik. “Zaila izaten da mediku irizpideak lehentasuna izatea espetxeko autoritateen aurretik”.
Horrez gain,
bakartuta daudela ere badirela salatu dute Jaiki Hadikoek: “tortura modu bat da”. Gehienbat emakume presoei eragiten diela azaldu du Arburuak, eta salatu duenez, “erabat onartezina, gizagabea, krudela eta jasanezina” da politika hori. Adibide modura, Arantza Zulueta abokatuaren kasua ipini du –2014ko urtarrilean atxilotu zutenetik dute bakartua–.
Atzo Donostian egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Etxerat
Sakabanaketaren aurkako lehen eskaera. Bestalde, larriki gaixorik dagoen Josetxo Arizkuren presoaren kasua Estrasburgora eraman dute. Europako Giza Eskubideen Auzitegira egin dute lehen eskaera izan da, hain zuzen ere.
Epe motzean, kasu gehiago ere eraman ditzakete Estrasburgora, abokatuak aurreikusi duenez, antzeko beste batzuk ere ebaztear daudelako Auzitegi Konstituzionalean.
Espainiako
epaitegietako bidea agortuta, abenduaren 23an eraman zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegira Josetxo Arizkuren euskal presoaren kasua haren abokatuek. Familia bizitzarako eskubidea izan da aurkeztutako argudio nagusia.
Aurrez gainerako epaitegiek egin bezala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den ekainean eman zion ezezkoa Arizkurenen eskaerari. –Oraingoz, Konstituzionalak atzera botatako eskari bakarra Arizkurenena da.– Tramiterako ere ez zuten onartu.
Arizkurenek kardiopatia iskemiko larri badu ere, familia bizitzarako eskubidea izan da haren abokatuek Estrasburgon erabili duten argudio nagusia
Kardiopatia iskemiko larria du, eta horregatik zegoen Euskal Herriratze eskaerak egiteko EPPKren lehen multzoan, 70 urtetik gorako presoekin batera. Iazko ekainean, A Lamako (Galizia) kartzelatik Murtziakora (Espainia) aldatu zuten, eta senideek kezka agertu zuten, lehen ere beste preso batek salatu baitzuen han ez ziotela eman osasun arreta egokirik.
Familia bizitzarako eskubidea izan da, hala ere, Arizkurenen abokatuek Estrasburgon erabili duten argudio nagusia. Nabarmendu dute presoak beren ingurunetik urrun izateak familia bizitzarako eskubidea urratzen duela. Besteak beste, zailtasunak dakartzalako bisitetarako eta gainerako harreman bideetarako.
(Iturria: Berria)