Urtero legez, aurten ere hainbat sari banatu ditu Ondarroako Zatozte dendari elkarteak. Herriko merkatariek, guztira,
6.000 euro banatu dituzte saritan: hau da, 100 euroko 60 sari zozkatu dira azken kanpainan erosketak egin dituztenen artean. “Sariak, beharbada, ez dira lehen besteko potoloak, baina orain, herritar gehiagoren artean sari gehiago banatzen ditugu”.
Herrian erosteak saria dauka! lelopean egin den Gabonetako kanpaina bereziko zozketa Errege Egunaren bezperan egin bazen ere, sarituek atzo [urtarrilak 9] jaso zituzten sariak. Zatozteren bulegoan herriko dendetan erosketak egiteko txeke bereziak jaso zituzten, eta ohitura bihurtu den modura, ostean, taldeko argazkia ere atera zuten. Alamedan, Plaiko zubiaren eskaileretan, batu ziren saridunak txekeak eskuetan.
Zatozteko arduradunek nabarmendu dutenez, kanpaina amaitu eta gero pozik agertu dira dendariak.
Sarituek, bestalde, hilabeteko epea izango dute saria egokitu zaien saltokian gastatzeko. “Batzuk atzo bertan gastatu zuten txekea, hainbat erosketetan”.
Zatoztoren sarituak Alamedan. Argazkia: Zatozte