Egun argiz, Mutrikutik helduko da 20. Korrika apirilaren 5ean
09:29an sartuko dira korrikalariak Mutrikura. Gipuzkoa atzean utzita, Ondarroara ailegatuko dira, 10:21ean. Busturialdera Eatik sartuko dira, 14:54anHogeigarren Korrika martxan da. Bi urtean behin AEK-k euskararen alde antolatzen duen ekimenari martxoa...
09:29an sartuko dira korrikalariak Mutrikura. Gipuzkoa atzean utzita, Ondarroara ailegatuko dira, 10:21ean. Busturialdera Eatik sartuko dira, 14:54an
Hogeigarren Korrika martxan da. Bi urtean behin AEK-k euskararen alde antolatzen duen ekimenari martxoaren 30ean emango diote hasiera, Otxandion, eta apirilaren 9an amaituko da, Iruñean. Bitartean, Euskal Herriko herriak zeharkatuko ditu. Euskararen alde, korrika egingo dute euskal herritarrek 11 gau eta egunetan, eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera apirilaren 5ean helduko da, eguaztenez.Hain zuzen, herri horietara Mutrikutik sartuko dira korrikalariak, 09:29ean. Handik, Ondarroarako bidea hartuko dute. Bizkaiko herrira 10:21ean helduko da Korrika. Handik, Berriatua, Markina-Xemein (11:19), Aulesti (12:32), Gizaburuaga, Amoroto, Lekeitio (14:15) eta Ispasterrera joango da.
Busturialdera Eatik sartuko da 20. Korrika. Herri horretara 14:54ean helduko da, eta Elantxobetik (15:59) igaro ostean, Gernika-Lumorako bidea hartuko du. Hain zuzen, 17:30ean sartuko da Korrika Gernika-Lumon. Busturialdeko herriak zeharkatuta, Bermeora heldu (19:39), eta handik Bakiorako bidea hartuko du euskararen aldeko ekimenak.
Ohe tapakia josten
Batzuk leloa izango du aurtengo Korrikak. Bat eta zuk hitzak elkartuta, euskara batzeko deia egin dute antolatzaileek. Hizkuntzen arteko berdintasuna ere aldarrikatuko dute; azaldu dutenez, hizkuntza gutxitu baten iraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa justizia kontua delako.
Hala, apirilera bitartean hainbat ekimen eta jarduera egingo dituzte Euskal Herrian; baita Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean ere. Gernika-Lumon, esaterako, oheko tapakia egiten hasita daude. Orain bi urte egin legez, eskuz josiko dute, patchwork teknika erabiliz.
Hain zuzen, 200?150 neurriko tapakia egin gura dute; 120 lauki egin gura dituzte, eta lauki bakoitzak hamahiru oihal zati edukiko ditu. Hori dela eta, josten lagundu gura dutenei parte hartzeko deia egin die AEK-k. Eguenero batzen dira, 19:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Tapakia amaituta, zozketa egingo dute, eta, horretarako, errifak salduko dituzte eskutik eskura, euro batean.
Parte hartzeko modu asko
Korrika kulturalak ere hainbat ekitaldi ekarriko ditu, eta horiek prestatzen ari da AEK. Korrikan parte hartzeko modu asko daude, eta Korrika lagunak egitera animatu gura dituzte herritarrak. 12 euroren truke, Korrikaren paparreko orratz bat eskuratuko dute, eta, horregaz batera, hainbat saltoki eta zerbitzutan deskontuak lortzeko txartela.
Korrikaren materiala ere salgai daukatela jakinarazi dute antolatzaileek. AEKren bulegoetan eros daiteke.