Tarifikazio bereziko zenbaki baten bitartez telefono bidezko iruzurrak egiten ari direla ohartarazi du
Ertzaintzak. Herrizaingo sailak nabarmendu duenez, herritarrak jakinaren gainean jarri nahi ditu, telefono bidezko iruzur baten biktima izan ez daitezen. Ondokoak dira iruzurra egiteko erabiltzen ari diren telefono zenbakiak: 668 64 90 62-668 64 90 63-668 64 90 05.
Hain zuzen ere, Ertzaintzak mota horretako iruzur saio horren
salaketak jaso ditu azken egunotan, Eibarko, Lasarte-Oriako eta Tolosako komisarietan. Jakitera eman dutenez, iruzurra ez da gauzatu. “Ez kasu batean, ez bestean”. Tentatiba mailako salaketez gain, Ertzaintzak hainbat dei jaso ditu mota horretako iruzurrezko saioez ohartarazteko, Agintaritza eta Kontrol Zentroetan.
Emakume bat telefono dei bat egiten
Iruzur egileen prozedura honakoa dela adierazi dute: “tarifikazio arrunteko telefono mugikor batetik dei galdu bat egiten diote, modu automatizatuan, hartzaile ezezagun bati. Biktimak deia itzultzen duenean, grabazio baten bidez jakinarazten zaio
200 euro inguruko kargua egingo zaiola bidaliko zaion pakete baten ordainetan. Mezuak gaineratzen duenez, gastu hori ezeztatzeko 807 zenbakiagaz hasten den telefono batera deitu beharko duela”. Zenbaki hori, azken finean, minutuko 1,20 euro kostua duen tarifikazio bereziko zenbaki bat da, eta modu horretara lortzen dute iruzurgileek etekina.
Ertzaintzak gisa horretako
deiei ez erantzutea gomendatu du, eta, biktima izanez gero, salaketa jartzea. “Pertsona edo erakunde ezezagunek tarifikazio bereziko zenbakietara igortzen gaituztenean ez fidatzea gomendatzen da”.