Abesti batek Ondarroako aspaldiko gertaera bitxi bat gogora ekarri du. Kantak, hain zuzen ere, 1943an Aintzane Aramaiori gertaturikoa dakar gogora.
Aramaiok kontatzen duen modura, umetan, 9 urtegaz, uretara erori zen, eta itotzear zegoela, Jesus Osa herritarrak uretatik atera eta “bizitza salbatu” zion. “Kalera irten eta Bene Alkorta
Armintxa-nekoa aurkitu nuen, eta Kafeatzera pentsatu genuen joatea txintxirrikan ibiltzera. Klariona eskuetan hartu, eta, betiko moduan, marrak margozten hasi nintzen atzera-atzeraka, baina ez nintzen konturatu beti tope modura egoten ziren sareak falta zirela hor egunean, eta sarea noiz joko, noiz joko, uretara erori nintzen”.
Uretara jausi orduko, gehiago hondoratzen hasi zen Aramaio: “Pixkanaka hondoratzen hasi nintzen, konortea galdu nuen arte”. Bien bitartean, Bene Alkortak han-hemenka laguntza eskatu bazuen ere, ez zuen laguntzarik lortu.
Aintzane Aramaio Kafeatze pasealekuan, istripua eduki zuen lekutik gertu
Umea ia itotzear zegoen momentuan, hain justu,
Jesus del Gran Poder ontzia Kafeatzetik igaro zen, Zubi Zaharrerako bidean. Itsasontziko marinel batek Jesus Osa patroiari kontuz ibiltzeko esan zion, uretan trapuren bat zegoela, eta helize azpian hartu barik. “Jesus Osak uretara begiratu zuenean buruz behera itota ikusi ninduen, eta bi bider pentsatu egin barik, uretara salto egin, eta moilara eraman ninduen. Estu eta larri ailegatu zen, esku bategaz ni eutsi eta besteagaz igeri egin behar izan zuen eta. Balkoietatik emakumeak Jesus Osari laguntzeko deiadarka ibili ziren, baina batek erloju berria zuelako, besteak praka berriak zituelako, azkenean, Osak berak bakar-bakarrik atera ninduen uretatik”.
Lekuekoek umea hil zela ere pentsatu zuten, eta uretatik atera orduko, moila gainean etzan, eta erreanimatzeko masajeak eman zizkioten. Hilda zirudien arren,
Jesus Osak salbatzea lortu zuen neskatoa. “Aizto bat hartu, arropak behetik gora apurtu, eta aiztoagaz ahoa ireki zidaten, mingaina janda nuen eta. Ahoa ireki zidatenean hagina ere apurtu zidaten, eta eskuagaz mingainari tira egin zidatenean botaka hasi nintzen. Begiak ireki nituenean ikusi nituen lehen pertsonak Mateo Osa, Victor Bengoetxea eta Juanito Arantzamendi izan ziren, masajeak eman zizkidaten gizonak, hain zuzen ere”.
Bertsotan jasoa. Gertaera, gerora,
Ondarroa 2011 urtekarian argitara eman zuen Aintzane Aramaiok, Jesus Osa hil zen urte berean, omenaldi legez. “Gertaera hau nahi izan nuen kontatu, hor egunean lagundu ninduten guztiei eskerrak emateko, eta, batez ere, berari, Jesus Osari, nire salbatzaileari”.
Jesus Osa, artxiboko irudian. Argazkia: Ondarroako Historia Zaleak
Gertaera, gainera, Pello Aramaio Aintzaneren nebak jaso eta bertsotan idatzi zuen. Imanol Urkizu musikari oriotarrak, ostera, Pello Aramaioren bertsoak musikatu eta abestu egin ditu, gertaera berriro ere gogora ekarriz.
Urkizuk nabarmendu duenez, halabeharrez izan zuen Aintzane Aramaioren gertaeraren berri. Urkizu Jesus Osaren alaba baten laguna da, eta haren bitartez eduki zuen gertaeraren berri. “Herriko aldizkari batean bere aitari omenaldia egin ziotela kontatu zidan. Gertaera bitxia iruditu zitzaidan, eta horren inguruan bertso batzuk idatzita zeudela jakin nuen, eta Arantzaneri –Jesus Osaren alaba– horiek musikatu egingo nituela esan nion, orain dela urte batzuk”.
Gaia ahaztuta izan du denbora luzez Urkizuk, baina, aurten, gertaera gogoratu eta zerbait egin behar zuela bururatu zitzaion. “Papereko bertsoak eduki beharrean, Jesus Osaren senideek bertso horiek musikatuta ere edukitzea gustuko izango luketela iruditu zitzaidan. Gauza sinple eta xume bat egitea bururatu zitzaidan, familiako kideen eta lagunartean konpartitzeko. Idatzitako bertso horiei musika sortu, eta etxean daukadan estudio txiki batean grabatu ditut, moldaketa txiki batzuekin”.
Pozez gainezka. Kantua amaitu ostean, Imanol Urkizuk Arantza Osa Jesusen alabari bidali zion
whatsapp mezu baten, eta Osak azpimarratu duenez, hunkituta eta pozez gainezka entzun zuten Urkizuk egindako oparia. “Imanol Urkizuk agindutako kontua ahaztuta ere banuen, egia esan. Mezua jaso eta kantua entzun nuenean zeharo hunkitu nintzen. Ustekabean harrapatu ninduen, gauza polita izan zen bere aldetik. Familiako denei asko gustatu zaie kantua”.
Jesus Osaren seme-alabek kontatu dutenez, euren aitak normaltasun osoz kontatzen zuen egindakoa. “Beste gizon bat ere uretatik atera zuen, eta ohiko gauza bat modura kontatzen zituen bat zein besteko gertaerak, beste arrantzako gertaera bat modura”. Aintzane Aramaio istorioko beste protagonistari ere, asko gustatu zaio Urkizuk egindako kantua. “Entzun nuenean hunkitu, eta negar batean hasi nintzen. Polita ezustekoa”.