Iazko aurrekontu bera mantentzearen aldeko apustua egin du udalak
Udal eraikinak baldintza egokietan ipini eta hasitako proiektuak gauzatzea izango dute helburu. Aurrekontu xumeak iritzi zaizkio EH Bilduri, hala ere elkarlanean aritzea proposatu dio EAJri7.824.601 euroko aurrekontua onartu zuen Lekeitioko Udalak atzo...
Udal eraikinak baldintza egokietan ipini eta hasitako proiektuak gauzatzea izango dute helburu. Aurrekontu xumeak iritzi zaizkio EH Bilduri, hala ere elkarlanean aritzea proposatu dio EAJri
7.824.601 euroko aurrekontua onartu zuen Lekeitioko Udalak atzo iluntzean egindako osoko bilkuran EAJren gobernu taldearen aldeko bozkekin eta EH Bilduren zinegotzien abstentzioagaz. Azken astean Garabillako garaje bat saldu izanak aurrekontuak zer edo zer igo ahal izatea ahalbidetu diela jakitera eman zuen udalak. Gizarte Zerbitzuetara, Berdintasunera, Kultura eta Kirol Sailetara bideratu dute kopuru hori.Aurrekontuak osatzeko, sail bakoitzak iazko kopuru bera mantentzea, udal eraikinak baldintza egokietan ipintzen jarraitzea eta hauteskunde kanpainan aurkeztu zuten programa betetzen joatea izan dituztela oinarri azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. «Aurrekontuen %40,8 pertsonal gastuetara bideratuko dugu; %35 herria martxan mantentzeko izango da, hau da, argiteria, ura, sanemanedua …; %10 Amankomunazgoa, Garapen Agentzia, Uema eta eskolatarako izango da, eta %7, zorra ordaintzeko. Beraz, inbertsio errealetarako %7 besterik ez da geldituko».
Milioi erdi baino gehiago
Inbertsioetarako, beraz, 562.145 euro edukiko ditu Lekeitioko Udalak aurten. Proiektu nagusia Santa Katalina pasealekuaren bigarren fasea izango da. Izan ere, pasealekuari jarraipena eman nahi dio udalak, eta horretarako, 121.000 euroko aurrekontua edukiko dute.
Kirol instalakuntzetara bideratuko dute beste zati handi bat. Isuntza Arraun Elkarteko teilatua konpondu nahi du udalak, eta, beraz, 100.000 euro gorde dituzte horretarako.
Eskoletako leihoak aldatzen ere jarraituko dute aurten. «Iaz aurrealde bateko leihoak aldatu genituen, eta aurten beste aurrealde batekoak hobetuko ditugu». 55.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute lan hori egiteko.
Merkatu plaza ere konponduko dute, bai eta Gazteguneko igogailua ere, eta San Andres auzoa konpontzeko proiektua egiten hasiko dira. «Auzokoek erabakiko dute ze proiektu gauzatu», argitu du alkateak.
Mendieta ontziola berreskuratzen joateko asmoz, proiektua egin nahi du aurten udalak, eta, horretarako, 62.745 euroko partida gorde dute. «Erori beharrean zegoela ikusita, zutoinez eutsi da, baina egonkortasun proiektuagaz hasi behar dugu».
Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) gauzatzen joateko, bestalde, 100.000 euro erabiliko ditu udalak. Horrez gain, uda sasoian lekeitiarrentzako aparkalekua bermatu ahal izateko sistema berri bat jarri nahi dute martxan. «Kale batzuetan seinaleak jarriko dira, bizilagunek autoa utzi ahal izateko».
Argi-ilunak
Aurrekontuen gaiari argi-ilunak ikusten dizkio Lekeitioko EH Bilduk. Udalak 2016ko aurrekontuak hartu dituela erreferentziatzat diote. «Aurrekontu hark murrizketa nabarmenak zituen. Beraz, erreferentzia 2016 izatea ez deritzogu nahikoa denik».
EH Bilduren ustez, aurreko agintaldian lortu edo kudeatutako proiektuak bultzatzen oinarrituko dira aurtengo inbertsio asko: Mendieta ontziola, Santa Katalina pasealekua, Isuntzako teilatua…. «Diru sarrerak txikiak izanik, ez du tarte handiegirik ematen proiektu honek. Horregatik uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela elkarlana bilatzeko ahaleginean tematzea, eta herritarren ongizatean eragingo duten neurrietan eragiteko lan politikoa egitea. Gai horietan badaude abaguneak, eta politikak egiteko aukerak ematen ditu».
Lekeitioko EH Bildun argi daukate euren oposizioa ez dela bakarrik udal gobernuaren jarraipena egitera mugatuko. «Gure herri proiektua garatzen ari gara, eta ekarpen eraikitzailea egingo dugu». Horregatik, udal aurrekontu proposamenari emendakinak egin zizkioten, eta horietako batzuk onartu egin dituzte. «Hala ere, gure ustean estrategikoak diren proiektu eta egitasmo batzuk kanpoan utzi dira, eta diru partida esanguratsuak onartu gabe utzi dira». Abaroa jauregian inbertitzeko proposamena edo OHZren ordainketa egiteko zailtasunetan daudenei laguntzeko proposamena aitatu dituzte. «Horregatik, uste dugu, oraindik ere ez dela nahikoa aurtengoan egin duguna, eta askoz ere elkarlan eta adostasun maila handiagoetara hel gaitezkeela».
Argi utzi dute bai eta ere, herriari etengabe eskaintzak egiten jardungo dutela, bideak elkarlanean egiteko gaitasuna erakutsiz gero herri osoak irabaziko duela uste dute eta. «Gu geu, lan horretan tematuko gara agintaldi osoan. EAJk herriaren eraikuntzan parte hartu nahi badu, bidelagun izango gaitu, beraz».
Bozka kopuruari dagokionez, Lekeitioko Udalean EH Bilduk EAJk beste herritar ordezkatzen dituela esan dute. «Beraz, PNVk bere proiektua lehenesterako orduan, oposizioaren ekarpenak kontuan hartzen ez baldin baditu, herritarren ia erdiaren borondateari uko egiten ari dela ulertzen dugu».
Azkenik, Udalkutxaren sistema ere kritikatu dute. «EAJren kudeaketa txarraren ondorioz, Lekeitioko Udalak 300.000 euro inguru bueltatu beharko ditu».