Partidu bakarragaz estreinatu da Beteranoen Txapelketa
Arazoekin hasi zen domekan, Lekeition, XII. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketa. Trinketeko kantxaren hezetasunagatik partida bakarra jokatu ahal izan zuten, eta beste guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten.Moral eta Lakaren eta Gandiaga eta A...
Moral eta Lakaren eta Gandiaga eta Arrateren arteko norgehiagoka jokatu zen bakarrik. «Pilota partida barik, patinajeko saioa zirudien lau jokalariek egin zuten saioa, eta nahikoa izan zen lesiorik barik partida amaitzea», adierazi dute antolatzaileek.
Ezin jokorik eginda ibili ziren lau pilotariak. Azkenean, baina, garaipena urdinen aldekoa izan zen. Moralek eta Lakak 30 eta 23 irabazi zieten Gandiagari eta Arrateri, Lakaren sake eta geldirik jotzeko posturagaz baliatuta.
Konpontzeko eskaria
Beste partidak bertan behera gelditu ziren, eta Jaunarena Nafarrak ezer egin barik bueltatu behar izan zuen. «Hasieran atze aldea zegoen egoera txarrean, baina aurrean jokatu zitekeen, eta horregatik ez genion ez etortzeko abisurik bidali. Beroketa saioak amaitu ondoren zoru guztia berdindu zen, eta ordurako Garzaroneko jokalaria etorrita zegoen», azaldu dute.
Txapelketaren lehen asteburuan gertatutakoa ikusita, udalari arazoa konpontzeko eskaria egingo diotela esan dute. «Pintura bereziagaz arazo hau konpontzen saiatzeko esango diogu; kantxa alderdi batean horrelako bat emanda dago, eta inguru horretan ez zen umeltasunik egon».
Datorren domekarako hurrengo partidak aurreikusi dituzte: Gandiaga-Arrate/Astigarraga-Egaña (09:30ean), Moral-Laka/Beraza-Etxebarria (10:15ean) eta Jaunarena-Foster/Telleria-Conde (11:00etan).