Mutrikuko Gazte Asanbladak urtarrilerako antolatu dituen proposamenen artean bizikleta eta musika eskutik etorriko dira. Etzi [urtarrilak 19], esate baterako, txirrindularitzari buruzko eskola magistrala egingo da Gaztetxean. 19:30etik aurrera,
Igor Romero txirrindulari ohiaren eskutik bizikleta tailerra eta hitzaldia egingo dira.
Gazte asanbladako kideek aurreratu dutenez, Mutrikuko txirrindulari ohiak hizketaldi parte-hartzailea egingo du, eta txirrindulari profesional modura izandako esperientzia kontatzeaz gain, beste hainbat bizipen kontatzeko aukera izango du Romerok. “Besteak beste, lasterketarako zelan prestatzen zen azalduko die hitzaldira bertatzen direnei, bizikleta matxuren konponketak zelan egin, txirrindularitza profesionalean aritzeko zer nolako elikadura den beharrezkoa edo bizitza profesionalean izandako hainbat pasadizoren berri emango du”.

Igor Romero, artxiboko irudian
Zapatuan [urtarrilak 21], berriz,
pop, rock eta folk doinuek hartuko dute Gaztetxeko oholtza gainea. 22:30etik aurrera,
Nabil talde lekeitiarrarekin eta
Izaki Gardenak talde gasteiztarrarekin batera gozatzeko aukera egongo da 22:30etik aurrera. Gasteiztarrek, hain zuzen ere,
Aurri gara diskoaren bira amaitzen ari dira, eta Mutrikuko kontzertua azkenetako bat izango dela jakitera eman dute gazte asanbladako kideek.
Domekan [urtarrilak 22], azkenik,
haur eta guraso asanblada egingo da Gaztetxean. Guraso talde batek Gaztetxeko espazioa erabiltzeko proiektua aurkeztuko du hain zuzen ere, 18:30etik aurrera. “Gure ideia Gaztetxeari ahalik eta erabilera handiena ematea da. Guraso talde batek espazioa erabiltzeko proposamena egin digu, eta horren berri emango dute batzarrean. Besteak beste, haurrentzako hainbat ekimen nahi dituzte bertan egin: tailerrak eta hitzaldiak, esate baterako”.