Aurkezpena zapatuan [urtarrilak 21] egingo da Eibarko Portalea kultur etxean. 12:00etan hasiko den ekitaldian, maiatzaren 7an egingo den herri galdeketan eskualdeko ze herrik parte hartuko duten aurkeztuko dute, hain zuzen ere.
Gure Esku Dago-ren herri bakoitzeko ordezkaritza batek parte hartuko du aurkezpenean. Honako
sei herrietakoek parte hartuko dute: Mutriku, Deba, Itziar, Elgoibar, Eibar eta Soraluzekoek. Talde aurkezpena egiteaz gain, hurrengo hilabeteotara begira eramango duten dinamikaren eta asmoen berri eman, eta, aldi berean, hemendik aurrera erabiliko duten
irudi bateratua ere ezagutzera emango dute. “Lea-Artibain erabili duten irudi bera erabiltzea erabaki dugu”, aurreratu dute.
Mutrikuko Gure Esku Dago-ren aurkezpena
Herri galdeketaren bidea hasi besterik ez dute egin sei herrietan. Hori bai, guztiek batera dinamika bera aurrera eraman beharrean,
bakoitzak bere dinamika propioa dituela nabarmendu dute Gure Esku Dago-ren ordezkariek. “Helmuga bera baldin badugu ere, herri dinamika bakoitza bere erritmora egiten ari da gauzak. Mutrikun, adibidez, sinadura bilketa amaitu da, eta galdeketa adosteko prozesuaren bigarren zatian sartuko gara; baina, beste herri batzuetan, bestelakoa da egoera. Sinadura bilketa kanpaina, oraingoz, Mutrikuk dauka amaituta, eta besteetan laister amaitzea aurreikusten da”.
Lerro beretik, Debabarrena modura
galdera bera ez dela adostuko iragarri dute. Bakoitzak berea adostuko duela azpimarratu dute.
Indarrak batzeko deia. Mutrikuren kasuan, zehazki, aurreko astean –urtarrilaren 12an– bukatu zuten sinadura bilketa. Maiatzaren 7an galdera egiteko aukeraren aldeko atxikimendua 16 urtetik gorako
755 pertsonak eman dute Mutrikun, eta zenbaketa egin ondoren, pozik agertu dira Mutrikuko herri dinamikako ordezkariak. “Zorionak Mutriku; hainbeste lagun erabakitzeko eskubidearen alde azaldu zaretelako”.
Sinadura bilketa egiteaz gain, beste zeregin batean murgilduta ere ibili da Mutrikuko taldea; proposatutako lau galderen artean bat erabakitzea edo besteren bat proposatzeko aukera izan dute herritarrek, abendutik urtarrilaren 12ra bitartean. “Etxez etxe zabaldutako orriekin edo mahain egon diren orriekin burutu da hori ere. 64 herritarrek hartu dute parte”. Eta aurreratu dutenez, orain
galderaren inguruan bigarren fasea hasiko dute. “Herritarrekin elkartu, eta Euskal Herria, euskal estatua, independentzia, burujabetza… eta antzerako kontzeptuak eztabaidatu beharko dira. Era berean, galdera bat adostu eta prestatu beharko da”.
Herritarrak atxikipenak ematen Mutrikun
Bestalde, herriko kultur eta kirol taldeekin batu dira, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko
ekintzak burutzeko gonbidapena luzatu diete. “Herritar talde batek bere kabuz antolatu eta kaleratu zuen urte zaharreko lasterketa izan zen lehenengo ekintza. Gure ustez, antzerako ekintzak edo beste batzuk egitea litzateke egokinea; azken finean, erabakitzeko eskubidea denon artean lortu behar dugulako”.
Gaineratu dutenez, Gure Esku Dago ekimena aurrera daraman taldea indartzea laguntza ere behar dute. “Ideia berriak dituena, edo egin beharreko lanetan laguntzeko prest dauden pertsona guztiak izango dira ongietorriak. Guk Mutrikun gure olatua indartu behar dugu, gero, Maiatzaren 7an, beste olatuekin bildu, eta Debabarrenarekin batera Lea-Artibai eta Urola-Kosta bilduko dituen olatu erraldoia osatzeko”.