Lea-Artibaiko eskualdea eta Mutriku Madrilgo (Espainia)
Fitur Nazioarteko azokan dira beste behin ere. Turismo topagune ospatsuak gaur [urtarrilak 18] ireki ditu ateak, eta domekara [urtarrilak 22] arte egongo da irekita. Lea-Artibaik eta Mutrikuk, hain zuzen ere, eskualdea eta beren eskaintza turistikoa sustatzeko aukera paregabea izango dute datozen egunotan, Euskadi-Basque Country erakusmahaian.
Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkariak, Geoparkeko eta Urdaibai Bird Centreko ordezkariekin. Argazkia: Geoparkea
Lea-Artibai eskualdeko turismo eskaintza zabaltzearen ardura
Leartibai Garapen Agentziak edukiko du beste behin ere; Mutrikuko turismo eskaintza, aldiz,
Debegesak zabalduko du,
Geoparkearen bitartez.
Mutrikuren kasuan, bertoko udal ordezkariak Debabarrena eskualdeko beste hainbat ordezkarirekin batera joan dira Madrilera, eta eurekin batera, Deba, Eibar eta Ermuako udaletako ordezkariak ere egon dira. Horiez gain, Debegesa Garapen Agentziako Turismo saila, eta Euskal Kostaldeko
Geoparkeko ordezkariak ere egon dira. “Debabarrena eskualdea naturaz eta turismo jasangarriaz gozatzeko helmuga modura sustatuko da datorren domekara arte; horixe baita, funtsean aurtengo azokaren hildo nagusia: turismo jasangarriaren sustapena”.
Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak, gainera, aurten presentzia bikoitza izango du azokan. “Batetik Euskadi-Basque Country-ren erakusmahain izango du lekua, eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak turismo azokan izango duen txokoan”.
Mutrikuko udal ordezkariak, Geoparkea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Debegesako ordezkariekin batera. Argazkia: Geoparkea
Lea-Artibaiko ordezkariak, Lekeitioko enpresa bateko arduraduna, Idoia Sagastizabal Kongresuko diputatuarekin eta Maria Dolores Etxano Jose Mari Cazalis senatariekin batera. Argazkia: Leartibai Garapen
Mutrikuko udal ordezkariak Debabarreneko hainbat udal ordezkarirekin batera. Argazkia: Geoparkea