Debabarreneko Gure Esku Dago taldea aurkeztuko dute zapatuan
Mutriku, Deba, Itziar, Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko herri ordezkaritzak Eibarko Portalea kultur etxean batuko dira. Lea-Artibain aurrera darrai sinadura bilketakDebabarreneko Gure Esku Dago osatzen duten herri dinamikek aurkezpen bateratua egingo dut...
Mutriku, Deba, Itziar, Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko herri ordezkaritzak Eibarko Portalea kultur etxean batuko dira. Lea-Artibain aurrera darrai sinadura bilketak
Debabarreneko Gure Esku Dago osatzen duten herri dinamikek aurkezpen bateratua egingo dute zapatuan, Eibarko Portalea kultur etxean. 12:00etan hasiko den ekitaldian, maiatzaren 7an egingo den herri galdeketan eskualdeko ze herrik parte hartuko duten aurkeztuko dute, hain zuzen ere.
Herri bakoitzeko ordezkaritza batek parte hartuko du aurkezpenean. Honako sei herrietakoek parte hartuko dute: Mutriku, Deba, Itziar, Elgoibar, Eibar eta Soraluze. Talde aurkezpena egiteaz gain, hurrengo hilabeteotara begira eramango duten dinamikaren eta asmoen berri eman, eta, aldi berean, hemendik aurrera erabiliko duten irudi bateratua ere ezagutzera emango dutela aurreratu dute.
Herri galdeketaren bidea hasi besterik ez dute egin sei herrietan. Hori bai, guztiek batera dinamika bera aurrera eraman beharrean, bakoitzak bere dinamika duela nabarmendu dute Gure Esku Dago-ren ordezkariek. «Helmuga bera baldin badugu ere, herri dinamika bakoitza bere erritmora egiten ari da gauzak. Mutrikun, adibidez, sinadura bilketa amaitu da, eta galdeketa adosteko prozesuaren bigarren zatian sartuko gara; baina beste herri batzuetan, bestelakoa da egoera. Sinadura bilketa kanpaina, oraingoz, Mutrikuk dauka amaituta, eta besteetan laster amaituko dela aurreikusten da».
Lerro beretik, Debabarrena modura galdera bera ez dela adostuko iragarri dute. Bakoitzak berea adostuko duela azpimarratu dute.
Indarrak batzeko deia
Mutrikuren kasuan, aurreko astean urtarrilaren 12an bukatu zuten sinadura bilketa, eta atxikipenak batzeaz gain, galdera adosten hasi dira.
Proposatutako lau galderen artean bat erabakitzea edo besteren bat proposatzeko aukera izan dute herritarrek, abendutik urtarrilaren 12ra bitartean. Eta aurreratu dutenez, orain galderaren inguruan bigarren fasea hasiko dute. «Herritarrekin elkartu, eta Euskal Herria, euskal estatua, independentzia, burujabetza… eta antzerako kontzeptuak eztabaidatu beharko dira. Era berean, galdera bat adostu eta prestatu beharko da».
Bestalde, herriko kultur eta kirol taldeekin batu dira, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintzak burutzeko gonbidapena luzatu diete. «Herritar talde batek bere kabuz antolatu eta kaleratu zuen urte zaharreko lasterketa izan zen lehenengo ekintza. Gure ustez, antzerako ekintzak edo beste batzuk egitea litzateke egokiena; azken finean, erabakitzeko eskubidea denon artean lortu behar dugulako».
Gaineratu dutenez, Gure Esku Dago ekimena aurrera daraman taldea indartzeko laguntza ere behar dute. «Ideia berriak dituena, edo egin beharreko lanetan laguntzeko prest dauden pertsona guztiak izango dira ongietorriak».
Auzoz auzo
Lea-Artibain, beste alde batetik, gutxieneko sinadura kopurua jasota baldin badaukate ere, kanpainarekin aurrera jarraitzen dute.
Mendexako Gure Esku Dago-k auzoz auzo batuko ditu domekan sinadurak: Kurlutxun 10:00etatik 10:30era, Lerdeneko etxeetan 11:00etatik 11:30era, Branduneko etxe parean 12:00etatik 12:30era eta Herriko plazan 13:00etatik 13:30era. Bestalde, otsailaren 5ean Herriko plazan egongo dira sinadurak batzen, 11:30etik 14:00etara.
Atxikipen gehiago jasotzeko asmoz, Berriatuan ere data berriak ipini dituzte herri dinamikakoek. Domekan Elizpean egongo dira sinadurak batzen, 12:30etik 13:00etara bitartean, eta otsailaren 4an, Bankopean, 20:00etatik 21:00etara.
Lekeition, ostera, Dendari kaleko lokalean jarraituko dute kanpainarekin. Lokala eguaztenero zabalik egongo da 11:00etatik 13:00etara.