Debegesa garapen agentziak eta
Geroak akordioa sinatu dute Debabarreneko ekintzaileei mikrokredituak emateko. Ekintzaileei euren enpresa proiektuak jartzeko finantzatzea lortzeko erraztasunak ematea da hitzarmenaren helburua, “baldintza onetan eta
inolako abalik gabe“.
Ekimenak eskualdean ekintzaile bultzatu eta enpresa berrien sorrera sustatu nahi du, eta hitzarmenari esker, Geroa bazkide diren ekintzaileek edota euren lan bizitzan BGAEra ekarpenak egin dituztuenek euren negozio ideia garatzeko eta abian jartzeko kreditua eskuratu ahal izango dute.
Akordioaren arabera, ekintzaileek
8.000 eta 20.000 euro arteko mikrokredituak jaso ahal izango dituzte, Geroan dituzten eskubideak ez beste abalik gabe. Finantzatzea eskuratzeko baldintza gisa, eskatzaileek Debegesa garapen agentziak onartutako bideragarritasun plana eduki beharko dute. “Debegesak, hain zuzen ere, bideragarritasun plan hori egiteko laguntza eta aholkularitza eskainiko die ekintzaileei”.
Zortzi udalerritan. Ekimena, gainera, Debabarreko zortzi udalek Debegesaren bitartez ekintzaileei eskaintzen dieten arreta zerbitzu integrala osatzera dator. “Eskualdeko garapen agentziak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei, eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa proiektua garatu dezaten baldintza onenetan”.
Interesa duten herritarrek Debegesarekin harremanetan jarrita informazio gehiago eskura dezakete;
ekintzaile@debegesa.eus posta elektronikora idatzita edo 943-82 01 10 telefonora deituta (Jaione Leibar).