Eladino Gonzalez (Caracas, Venezuela, 1960) Ondarroako osasun etxeko familia medikua da.
Nola ikusten duzu gripearen epidemia?
Egia da azken egunotan kasu gehiago izan direla; gripea ailegatu dela esan daiteke. Izan ere, duela aste bira arte, unean uneko kasuak baino ez zeuden. Baina jendartean alarma zabaldu bada ere, beste munduko gauzarik ez da aurtengoa, betiko moduan etorri da aurten gripea. Egia da, pertsona nagusiak ez direla gripea paraitzen dutenen gehiengoa, gazte-helduak baino. Haiek sintoma adierazgarriagoak eduki dituzte, eta gogorrago jo du gaixotasunak tarte horretan. Baina, dena dela, egoera normala da berton bizi duguna. Oso gaitza da gripea ez sufritzea txertoa jarri ez badugu.
Aurreko urteagaz alderatuta, beraz, ikusten al duzu berezitasunik?
Bestelako gaixotasun larriekin estualdian egon gara, baina gripeagaz ez dugu estutasunezko egoerarik eduki Ondarroako osasun etxean. Gainkargarik ere ez dugu nabaritu. Ez dakigu, beste alde batetik, gripea dela eta, bertoko jendea ospitalera joan ote den. Orokorrean, nik uste dut, txertoagaz lotuta dagoela gripea hobeto edo okerrago eramatearena.
Txertoa jartzea, hortaz, garrantzitsua da zure ustez.
Hala da, eta ea, behingoz, hori sinisten duen herriak, eta datorren urtean jende gehiagok txertoa hartzen duen. Mesedez, arrisku taldeetan daudenek, bereziki, txertoa jar dezatela datorren urtean. Txertoak lagundu egiten du, alde batetik, gaixotasun kasu gutxiago egoten, eta, beste alde batetik, gaixotasuna pairatzen dutenak modu leunago batean sufritzea. Inola ere ez du txertoak gaixoa eragiten; hildako birus zatiak baitira. Izan liteke txertoa jaso arren, gripea edukitzea, baina halabeharrez izango da.
Zeintzuk izaten dira gripearen sintomak?
Karkaxez eta mukiez aparte, sukarra, eztula, muskuluetako mina eta burukomina izaten dira gripearen sintomak, batez ere.
Eta ondorioak?
Pertsona osasuntsu baten kasuan –nagusia ez denean– ia ez da ezer izaten, ez da kalterik izaten. Egun batzutan makal egongo da gripea duen pertsona, baina gerora begira, ez du ezer edukiko. Talde arriskutsuaren parte direnak –gaixotasun larria daukatenak, haurdun daudenak zein pertsona nagusiak–, bestalde, oso larri jartzera ere iritsi daitezke, heriotza eragiteraino. Baina hori arrisku-taldeetan gertatu izan da, eta horretarako jartzen dira txertoak. Hala, gripea daukaten horiek onena etxean egotea dute lehenengo bi egunetan, parazetamola hartuz, ura edanez eta atsedena hartuz; betiere, sintoma larririk ez duten horietan. Lan egiten duten horiek hobe dute lantokira ez joatea, oso kutsagarria baita, eta horregatik zabaltzen baita horrenbeste gaixotasun hori.
Zuen lana errazteko, eta gaixoei irtenbide azkarrago bat emateko, zer egin beharko litzateke?
Nik uste dut guk geuk arrazionalizatu beharko genukela; gaixo bat eztulagaz badago, esaterako, ikusi, auskultatu, aztertu, diagnostikoa egin, behar izatekotan sendagaiak agindu, eta kalera. Ez daukagu zertan pentsatu dena baino zerbait gehiago egon behar denik. Hori egiteko osasun etxe batean hamar minutu baino ez dira behar. Ez ditugu gauzak gehiago nahastu behar; gripe kasu baten aurrean, ez da ez plakarik ez analisirik ez holako ezer eskatu behar.