Mutrikuko
EH Bilduk jakitera eman duenez, egueneko [urtarrilak 26] osoko bilkuran hileta zibilen inguruko mozioa sartuko dute. Azaldu dutenez, herritarrek hileta ospakizunak edo omenaldi zibilak egiteko aukera edukitzea eta
espazio horiek arautzea eskatuko dute. “Jendartea anitza eta plurala da; bai irizpide politikoetan, zein erlijio ikuspuntuetan edo beste hainbat eta hainbat arlotan. Azken urteotan jaiotzak, ezkontzak, hiletak eta dena delakoak ikuspuntu desberdinetatik ospatzen edo gauzatzen dira, nahiz eta hileta zibilak egiteko zailtasun handiak dauden”.
Koalizioaren iritziz, gaur egun ez dago horretarako propio izan daitekeen lokala prestatzeko aukera handirik, ez eta herri zerbitzu modura eskaintzeko aukerarik ere. “Batzuetan hiletak izaten dira, besteetan omenaldiak; familia batzuk gorpua aurrean dagoela nahi dute, beste batzuk erraustua… Ez da erraza beraz, era askotako agurrari ondo erantzutea. Gure ustetan, udalbatza aretoa edo Zabiel kultur etxea, egokiak izan daitezke modu edo nahi desberdin horiei erantzuteko, baina gure mozio honek eskaera zabalago bat egin nahi du, tokien zehaztasunetan sartu gabe”.
EH Bilduk, hain zuzen ere, protokolo edo araudi propio bat eskatzen dio udalbatzari, edozein herritarren hileta zibila edo
agurra «modu egokian» burutu dadin. Era berean, lekua, ordutegia eta bete beharreko arauak jasoko lituzkeen araudia egitearen konpromisoa hartzea ere eskatzen dute, “ahalik eta denborarik laburrenean”. Koalizioaren arabera, 2011-2015 agintaldian hileta zibilak egiteko ekipamendu beharra azpimarratu zuten; eta eginiko ekipamenduen azterketetan, etorkizunean atera zitezkeen lokal berriak kontuan hartu zituzten. “2015-2019 udal hauteskundeetarako programan ere azpimarratzen genuen nahi, asmo edo helburu hori”.