Mutrikuko Udal Ogasun Batzordea bihar [urtarrilak 25] batuko da 2017ko aurrekontuak eztabaidatzeko. Eta horren kontura, aurrekontuetarako egin dituzten proposamen nagusiak aurkeztu dituzte Mutrikuko EH Bilduko zinegotziek.
Koalizioko kideek nabarmendu dutenez, udalak ez ditu proposamen horiek herriaren aurrean publiko egin nahi, eta hori dela eta, prentsaurreko baten bidez zabaldu nahi izan dituzte. “Ez dituzte jendearen eskakizunak kontuan hartuko, eta hau guztia udaletxeko lau pareten artean geratuko da”.
Agertu dutenez, aurrekontuak oraindik ere eztabaida fasean daude, baina jaso duten zirriborroa alorrez alor aztertu ondoren, “benetako
arazo larriak albo batera laga” direla azpimarratu dute. Lantaldean eginiko zenbait hausnarketa egin eta gero, eta herritarren hainbat eskakizun eta behar kontuan edukita, biharko bileran bederatzi proposamen jarriko dituzte mahai gainean.
Mutrikuko EH Bilduko zinegotziak azalpenak ematen
Mahai gainean jarriko dituzten proposamenen artean
osoko bilkurak zuzenean emititzea eta horietan herritarrek parte hartzeko aukera izatea garrantzitsua dela diote EH Bilduko zinegotziek. Azpimarratu dutenez, informazioa eta herritarren parte hartzea udalean “bahituta” daude. “Udala ez doa herritarrengana. Herritarra da udalera hurbildu behar dena edozertarako”. Horretarako, 57.000 euroko diru ekarpena proposatu dute, honako erara banatuta: 5.000 euro osoko bilkurak zuzenean emateko, 40.000 euro herrian hiru pantaila jartzeko, 2.000 euro urtean bi aldizkari ateratzeko eta 10.000 euro herri galdeketarako.
Politika sozialak indartu. Azaldu dutenez, eta udal lege berriak ematen dituen aukerez baliatuaz, osoko bilkuretan norbanakoek eta herri eragileek zuzenean hitz egiteko araudia onartu da. Eta, aldi berean, osoko bilkurak zuzenean emititzeko aukera ere ontzat eman du udalbatzak.
Herriko politika sozialei “erabateko bultzadarik” ez zaiela ematen ohartarazi du EH Bilduk
Ingurugiroa zaindu eta lanpostu berriak sortuko direlakoan, gainera,
energia garbiaren eremua ere oso interesgarritzat jotzen dute. Hala, Mutrikun energia garbiek eskaintzen dituzten aukerak zehazteko, aurrez eginda dagoen auditoria energetikoa sakondu, osatu eta alternatiba berriak zehazteko 20.000 euro bideratzea proposatu dute.
Bestalde, politika sozialei “erabateko bultzadarik” ez zaiela ematen ohartarazi dute. “Laguntza nora bideratu behar den jakin ahal izateko mapa sozial bat egin behar dela eskatu dugu behin eta berriz, baina horiek ez dira aurrera eramaten. Egia esan, Mutrikun txirotasun handia dago: 1.200 pertsona inguru baldintza nahikoa okerretan bizi dira”. Horretarako 55.000 euroko diru ekarpena egitea proposatu dute: 10.000 euro bazterkeriaren mugan bizi diren kolektiboak identifikatu, eta erradiografia soziala egiteko, 40.000 euro azterketa horretatik ateratzen diren beharrei erantzuteko eta 5.000 euro hileta zibilak egiteko ekipamendurako.
Mutrikuko EH Bilduko zinegotziak hainbat herritarrekin batera, Luardo etxean egindako aurkezpenean
EH Bilduren ustez, bestalde, “historian, kulturan eta idiosinkrasian” oinarritutako turismoa jorratu beharko litzateke, eta horretarako
komentuko proiektua interesgarria izan daitekeela uste dute. Eraikinak ematen dituen aukerak baliatuaz, aterpetxea eta Interpretazio zentroa egitea bideragarria izango litzatekeela diote. Eta Interpretazio zentroaren 0 fasea burutzeko 500.000 euro bideratzea proposatu dute. “Udalaren gerakin maila eta zorraren egoera kontuan hartuz, eta 2017rako LKSek eginiko txostenari jarraituz, 0 fasea egitearen aldeko apostua egin beharko litzatekeela uste dugu; 2018an 1 eta 2 faseei ekiteko gero”.
Gazteek Mutrikun lan egin eta bizi daitezen ahalegin berezia ere egin nahi dute. Horretarako, 100.000 euro bideratzea proposatu dute
Gazteek Mutrikun lan egin eta bizi daitezen ahalegin berezia ere egin nahi dute. Gazteen beharrei buruzko inkesta egiteko 20.000 euro bideratu nahi dituzte eta etxebizitzetarako alokairu laguntzetarako, berriz, 80.000 euro. Elikadura burujabetza sustatzeko eta Isabel Lobiano eta Idiakez bere bikotearen historia zineratzeko egin beharreko gidoiarekin hasteko, hurrenez hurren, 10.000 eta 20.000 euroko inbertsioa egitea proposatu dute.
Herritarren eskariak. Zortzigarren neurri modura,
etxe hutsen zaharberritze plan bat egitea proposatu dute. Herrian hutsik dauden etxebizitzen kopurua zehaztu, jabeen prestutasuna landu eta kuadeaketa ekonomikorako irtenbideak aztertzeko 15.000 euro bideratu nahi dituzte. “Mutrikun dozenaka etxe dago hutsik, eta horiek betetzeko neurri edo politika egonkorrak eta luzarokoak aplikatu beharko dira”.
Lehenengo fasean zenbat etxe huts dagoen eta zein egoeratan dauden zehazteko azterketa bat proposatzen dute. Bigarren fasean, berriz, alokairuan etxea uzteko prestutasuna lantzea izango litzateke. Eta, azken fasean, finantza plangintza bat egin beharko litzatekeela azaldu dute.
Jon Naberan proposamenen berri ematen
Azkenik,
herri eskaeretara 172.000 euro bideratzea proposatu dute. Partida hori bitan zatituta aurkeztu dute. Alde batetik, eta herriko irisgarritasuna hobetze aldera lau proiektu nabarmendu dituzte: 15.000 euro portua-Debako bideko igogailu proiekturako, 40.000 euro Kai atzeko Noskiren lurretatik pasabidea egiteko, 5.000 euro Kai ingurutik Samikollara oinezko bidea egiteko eta 50.000 euro baserriko bideen berriztapenerako. Bestetik, herriko zenbait guneri balio handiagoa eman nahi diete. Hiru proiektu nabarmendu dituzte: 50.000 euro Dentici inguruko brigadaren lokala bota, auzoa txukundu eta aparkalekuak egiteko, 6.000 euro danbor atzean udarako jolasguneak antolatzeko eta 6.000 euro Jose Mari Altzibar 31-33 kaleko parkea moldatzeko.
PROPOSAMENAK
- Informazioa eta parte hartzea. 57.000 euro.
- Osoko bilkurak zuzenean emateko tresneria: 5.000 euro.
- Hiru pantaila herrian zehar: 40.000 euro.
- Bi aldizkari urtean: 2.000 euro.
- Herri galdeketarako: 10.000 euro.
- Energia berriztagarriak. 20.000 euro.
- Politika sozialak. 55.000 euro.
- Erradiografia soziala egin, eta bazterkeriaren mugan bizi diren kolektiboak identifikatu: 10.000 euro.
- Azterketa horretatik ateratzen diren beharrei erantzuteko: 40.000 euro.
- Hileta zibiletako ekipamendua: 5.000 euro.
- Komentuko Interpretazio zentroarekin hasteko. 500.000 euro.
- Gazteak eta etorkizuna. 100.000 euro.
- Gazteen beharrei buruzko inkesta: 20.000 euro.
- Etxebizitzetarako alokairu laguntza: 80.000 euro.
- Elikadura burujabetza. 10.000 euro.
- Isabel Lobianoren inguruko filmaren gidoia. 20.000 euro.
- Etxe hutsen zaharberritze plana. 15.000 euro.
- Herri eskaerak: 172.000 euro.
- Irisgarritasuna: 110.000 euro.
- Portua-Debako bideko igogailuaren proiektua: 15.000 euro.
- Kai atzeko Noskiren lurretatik pasabidea: 40.000 euro.
- Kai ingurutik Samikollara bidea oinezkoentzat: 5.000 euro.
- Baserriko bideen berriztapena: 50.000 euro.
- Zenbait gune balio handiagoan jartzeko. 62.000 euro.
- Dentici inguruko brigadaren lokala bota, auzoa txukundu eta aparkalekuak egin: 50.000 euro.
- Danbor atzean udarako jolasguneak antolatu: 6.000 euro.
- Jose Mari Altzibar 31-33 kaleko parkea moldatu: 6.000 euro.