San Bizente jaiak giro ederrean ospatu dituzte gaur [urtarrilak 28], Aulestiko Narea auzoan. Eta egin diren ekimenen artean, eguerdian egin da bereziena. Herriko eta inguruetako mutilek osatutako taldearen eta Perla zaldiaren arteko proba ikusgarriaz gozatzeko aukera izan dute auzoko zelaiara bertaratu direnek.
Orain arte, bi zaldiren artean egin izan ohi da proba, baina aurten, bestelakoa izan da egoera. Aurten, estreinako, herritar talde bat izan da zaldiaren aurka indarrak neurtu dituena, eta horrek ere jendearen artean
ikusmin handia sortu du.
Lehenengo Perla zaldiaren txanda izan da; animaliak 20 minutuko saioan 71 untzako marka ezarri du. Ostean, berriz, herritarren txanda izan da. “Zazpi pertsonako bi taldetan banatu dira, eta txandaka egin dute proba. Hau da, bost minutuka txandakatzen joan dira”. Herritarrek, berriz, 43 untza egin dituzte, baina zaldiaren marka mutilena baino 30 untza gehiagokoa izan ez denez, herritarrentzako izan da saria.
Narea auzoko proba. Argazkia: HITZA
Norgehiagoka amaitu eta gero, erakustaldian ibili den
Artia baserriko harriaren pisua zenbatekoa den asmatzeko kiniela egin dute. Gaur auzoko jaietako deman ibili duten harritzarra garabi berezi baten laguntzagaz pisatu dute, eta azpitik pisura gehien hurreratu denak irabazi du saria. 116 lagunek parte hartu dute kinielan, eta Itziar Salegi izan da irabazlea, 740 kiloko harriak 703 kilo pisatzen dituela esanda.
Goizean, gainera, umeen jolasak egin dira San Bizente ermitan egin den meza amaitu eta gero. Auzora bertaratu direnek beti-betiko jolasetan parte hartzeko aukera izan dute, trikitilariek alaituta. Txokor batzen, zaku lasterketan, zapi harrapaketan, aulki jokoan… ibili dira umeak. Bukaeran, opari bat jaso dute parte hartzaile guztiek.
Eguerdiko ospakizunak egin eta gero, Mus eta Briska txapelketak jokatu dituzte Narea Goitiko baserriaren sotoan. Briska hamasei hirukotek eman dute izena, eta musean, berriz, hemezortzi bikotek. Antolatzaileek adierazi dutenez, batez ere, Lea-Artibaiko jokalari asko batu da txapelketetan. “Busturialdetik, Mallabia aldetik edo Mutrikutik ere etorri da jendea”, adierazi dute. Bi txapelketetan hamasei talde baino gehiago batu direnez, kanporaketa eta guzti jokatu da txapelketa.
Irabazleei dagokienez, Mus txapelketa Gontzal Kobeagak eta IƱigo Agirrek txapela eta 200 euroko saria irabazi zuten. Jone Jaio, Benjamin Arriola eta Clarita Larrinagak, ostera, zapia eta 180 euroko saria eskuratu zuten.
Umeak txokor batzen. Argazkia: HITZA
Narea Goitiko baserriko sotoa briskan eta musean jokatzen zegoen jendez betea
Jone Jaio, Benjamin Arriola eta Clarita Larrinaga, briska txapelketa irabazleak. Argazkia: Narea auzoko jai batzordea
Gontzal Kobeaga eta In?igo Agirre, mus txapelketako irabazleak. Argazkia: Narea auzoko jai batzordea