San Bizente jaien ospakizunak karta jokoan eta txokolate beroaren usainean amaitu dituzte Munitibarko herritarrek. Gaur [urtarrilak 28] arratsaldean, 17:00etan hasita, Mus Txapelketa jokatu da, zortzi erregetara. Antolatzaileek agertu dutenez, 18 bikoteak eman dute izena txapelketan. “Herriko gutxi egon da aurtengoan. Gehienak inguruko herrietakoak izan dira, bai Lea-Artibaikoak eta baita Busturialdekoak ere”.
Txapelketari dagokionez, herriko lau tabernetan –Lea, Txori, Ondamendi eta Sindikatu– jokatu dira kanporaketak. Hain zuzen ere, launa bikotek jokatu dute tabernetan, baina bi bikote soberan gelditzen zirenez, zozketa bidez lau bikote aukeratu, eta hortik irabazle suertatu diren bi onenak pasa dira beste hamalau bikoteekin batera kanporaketa jokatzera. Lau tabernetako bikote irabazleek, berriz, Txori tabernan elkartu dira finalaurrekoa jokatzeko. Bi onenak bertan jokatu dute finala ere.
Munitibarko mus txapelketako hiru finalistak, Jon Abadia antolatzaileagaz batera. Argazkia: Munitibarko Jai Batzordea
Norgehiagoka guztiak jokatu eta gero, Jose Mari Orbe errigoitiarrak eta Javier Bilbao kortezubitarrak jantzi dituzte aurtengo txapelak. Jon Abadia herritarraren eskutik 210 euroko txekea ere jaso dute. Bigarren, berriz, Mendatako Fausto Gandarias eta Ramon Urrezti izan dira; 110 euroko saria jaso dute mendatarrek. Jaime Bilbao eta Jose Antonio Ortiz gernikarrek, berriz, hirugarren amaitu dute; 40 euroko saria poltsikoratu du bikoteak.
Batzuk musean jokatzen ari ziren bitartean, herritarrek txokolate janean batu dira herriko plazan. Iluntzean fresko ari zuenez, gustura jan dituzte txokolate beroa eta bizkotxoa.
Munitibarko txokolate jana