Zapatuan [urtarrilak 28] Bilboko Bizkaia frontoian jokatu zen txapelketan bi domina lortu zituzten Ondarroako Karate taldekoek. Luis Arraiz taldeko arduradunak azaldu duenez, bi karateka aritu ziren txapelketan. Eta nabarmendu duenez, pozik daude lortutako emaitzekin.
Arraizek, esate baterako, Beterano mailako I. Txapelketan parte hartu zuen, eta Kata –adierazpen teknika– kategorian urrezko domina irabazi zuen. Kevin Elizaldek, bestalde, Absolutu mailako 31. txapelketan Kumite –borroka– kategorian brontzezko domina lortu du, senior mailan. Arraizek gaineratu duenez, Elizaldek estreinako parte hartu zuen Bizkaiko txapelketan. “Emaitza hobea egiteko gogoagaz geratu zen Kevin, baina Espainiako bigarren sailkatuaren aurka ezin izan zuen irabazi”.
Elizalde eta Arraiz, dominekin, taldeko beste hainbat kidegaz batera. Argazkia: Ondarroako Karate Taldea
Lortutako emaitza onei esker, Euskadiko Txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute bi karatekek. Txapelketa domekan [otsailak 5] jokatuko da Azkoitian, eta ilusio handiagaz eta gogotsu daudela azpimarratu dute.