Udal Euskara zerbitzuak eta Bai Txo! Euskara elkarteak elkarlanean prozesu parte hartzailea burutu nahi dute Mutrikun etorkizunean euskararen erabilera sendotzeko, eta errazteko neurriak bilatu eta adosteko. Eta horretarako, Demasa – Denok Mutrikun Saretzen– parte hartze prozesua aurkeztu dute.
Prozesu parte hartzailearen helburu nagusia herritar guztien artean Mutrikun berezko hizkuntza euskara izaten jarrai dezan bideak eta baldintzak irudikatzea izango da. “Euskararik onena egiten den euskara denez, herriko eragileek ere horretan duten garrantzia azpimarratu nahi dugu”.
Oro har, herritarren artean hausnarketa gauzatzea, eta hausnarketa horretan helburu batzuei begira jartzea dela azpimarratu dute. Eta herritarren ekarpenak berezibikoak izango direla azaldu dute. Hain zuzen ere, parte hartze prozesuan euskararekin aktibatuta daudenak eta ez daudenak batu nahi dituzte, helburu amankomun bat ipinita: herritarrak Mutriku euskaldun bati begira jartzea, alegia. “Oso garrantzitsua eta eraginkorra dela iruditzen zaigu. Merkataritzan, kirolean, bestelako kultur ekimenetan dabiltzanak… horrek denak gustatuko litzaiguke parte hartzea prozesu honetan. Azken batean, gaur egun euskararen erabilera egiten baldin badute, etorkizunean ere euren jardunean euskaraz aritzeko ardura beraiek izango dutelako”.
Parte hartze prozesua Euskaltzaleen topagunearekin batera koordinatuta burutuko dute, eta bertan hiru helburu lortu nahi dituzte: batetik, Mutrikuko euskalzaleak saretu eta trinkotzea, bestetik, Mutrikun euskararen erabileraren baitan egun dauden egitasmoak edo etorkizunean egon daitezkeenak irudikatzea eta erabakitzea, eta, azkenik, Mutrikuko euskaltzaleak nola antolatu erabakitzea.
Eta horretarako hamabostean behin batuko dira Zabiel kultur etxean. Guztira, hiru saio egingo dira, otsailaren 18an, martxoaren 4an eta martxoaren 18an, 10:00etatik 13:00etara. Saioak “oso dinamikoak” izango direla aurreratu dute, eta tartean hamaiketako bat ere egingo da.
Demasa egitasmoaren aurkezpena
Lehenengo saioan, besteak beste, oinarri soziolinguistikoak azalduko dira. “Euskaltzaleok ditugun kezkak partekatuko ditugu, eta Mutriku hemendik hamar urtera zelan irudikatzen dugun aztertuko dugu”. Bigarren saioan, berriz, herrian martxan dauden egitasmoak aurkeztuko dira, eta zer behar dituzten identifikatu. Azkenik, ekintzak zehaztu, eta Mutrikuko euskaltzaleak zelan antolatu ahal diren zehaztuko da hirugarren saioan.
Saioetan parte hartu nahi dutenek, bestalde, aurretik baieztatu beharko dute euren parte hartzea. Horretarako otsailaren 10a aurretik eman beharko da izena 943-60 32 44 (udal euskara zerbitzua) edota 635 748 393 telefonoetara deituta, edo baitxoelkartia@gmail.com edota euskara@mutriku.net posta elektronikoetara idatzita.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.