36ko gerran faxismoari aurre egiten hil ziren 27 pertsonen gorpuzkinak hilobiratu zituzten atzo [urtarrilak 30] Elgoibarko Olaso hilerriaren ondoan kokatua dagoen Duintasunaren Kolunbarioan. Aranzadik lurpetik atera zituen horien artean, Mutrikun aurkitutako bat dago. Zehatz esanda, 2004 urrian Mutrikuko Ibiri auzoko Zabale baserriaren inguruan berreskuratutako gorpuzkiak hilobiratu zituzten Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak eta Ion Ganbra zinegotziak.
Mutrikun ez eze, Euskal Exekutiboak 2002an gorpuak hobitik ateratzeko hasitako prozesuari esker, honako herrietan ere aurkitu zituzten 36 gerran desagertutakoen gorpuzkiak: Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian. Eta gorpuzkiak aurkitu dituzten udalerrietako ordezkariek ere parte hartu zuten hilobiratze ekitaldian.
36ko gerran desagertutakoen gorpuak jasoko dituen lehen kolunbarioa da Elgoibarkoa, eta bertan, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientziak Elkarteak hobetietatik ateratako 27 pertsonen gorpuzkiek hartu dute atseden. Horietatik 25ek identifikatu gabe jarraitzen dute oraindik, Mutrikukoa, tartean delarik. Sabino Atutxa Olabarri eta Jesus Zuazua Mondragonen gorpuzkiak identifikatzea lortu da oraingoz.
Hainbat udal ordezkari gorpuzkietako bat hilobiratzen. Argazkia: Irekia
Paco Etxeberria Aranzadiko presidentea ere ekitaldian izan zen, eta irmo hitz egin zuen gorpuzkien inguruan: “Ez dira hezurrak, pertsonak dira, beren sentimendu eta familiekin, eta errespetua merezi dute”. Azpimarratu zuenez, Kolunbarioa atsedenleku egokia izango da. “Biktimek memoriarako eskubidea badute, jendarteak memoriarekiko ardura bat du”.
Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz, kolunbarioa “beste urrats bat” da memoria historikoa berreskuratzeko bidean. “Urrats hori elkarteen, zientzialarien eta erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da”. Gaineratu zuenez, gerran desagertu ziren pertsonak “injustizia kriminal” baten biktima izan ziren, “haien familiek sufrimendu bidegabea jasan dute”.
Zabale inguruan egindako exhumazioa. Argazkia: EHU
Zabaleko exhumazio lanak. 2004ko urriaren 10etik 12ra prospekzio arkeologiko eta gorpuzkin batzuen deshobiratze lanak egin zituzten Mutrikuko Zabale baserriaren inguruan. Lan horretan aritu zirenek ondorioztatu ahal izan zutenez, gorpuzkinak 1936. urtean Mutrikuko Zabale baserrian hilobiratutako pertsona batenak izan ahal ziren.
Euriak eragindako higadura zela eta, egindako lan horretan ez zituztela hezur ugari aurkitu esan zuten. Hala ere, aurkitutako gorpuzkinen, hortzen eta objektu pertsonalen posizioa interpretatuz, gorpuaren hilobiratze posizioa oso ondo interpreta zitekeela esan zuten. Aurkitu zituzten elementuen artean zegoen Begoñako Ama Birginiaren irudia zuen zilarrezko zintzilikailu bat.
Artxiboko informazioaren, dokumentazioaren eta testigantzen bidez jasotako informazioaren arabera, hezurkinak 1936. urtean leku hartan fusilatutako lau milizianoetatik batenak ziren. “Bi miliziano bizkaitarrak ziren. Eta kontuan hartuta Begoñako Ama Birjinaren irudia zeramala, normalena da pentsatzea gorpuzkinak bizkaitarrarenak zirela”.
Lan hori Aranzadi Zientzi Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren eskutik daraman ikerketa lanen baitan zegoen kokatuta.
Ondokoek parte hartu zuten:
Arkeologoak:
Lourdes Herrasti (Geografia eta Historian lizentziaduna, Aranadi Zientzia Elkartea).
Jimi Jimenez (Geografia eta Historian lizentziaduna, Aranzadi Zientzia Elkartea).
Antropologoak:
Francisco Etxeberria (Medikuntza irakaslea, Euskal Herriko Unibertsitatea).
Claudio Albisu (Dentista, Aranzadi Zientzia Elkartea).
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.