Zabalen aurkitutako gorpuzkinak hilobiratu dituzte
36ko gerran faxismoari aurre egiten hil ziren 27 pertsonen gorpuzkinak hilobiratu zituzten astelehenean Elgoibarko Olaso hilerriaren ondoan dagoen Duintasunaren Kolunbarioan. Aran- zadik lurpetik atera zituen horien artean, Mutrikun aurkitutako bat dag...
Mutrikun ez eze, Euskal Exekutiboak 2002an gorpuak hobitik ateratzeko hasitako prozesuari esker, honako herrietan ere aurkitu zituzten 36ko gerran desagertutakoen gorpuzkiak: Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian. Eta gorpuzkiak aurkitu dituzten udalerrietako ordezkariek ere parte hartu zuten hilobiratze ekitaldian.
36ko gerran desagertutakoen gorpuak jasoko dituen lehen kolunbarioa da Elgoibarkoa, eta bertan, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hobietatik ateratako 27 pertsonen gorpuzkiek hartu dute atseden. Horietatik 25ek identifikatu gabe jarraitzen dute oraindik, Mutrikukoa tartean delarik. Sabino Atutxa Olabarri eta Jesus Zuazua Mondragonen gorpuzkiak identifikatzea lortu da oraingoz.
Exhumazio lanak
2004ko urriaren 10etik 12ra prospekzio arkeologiko eta gorpuzkin batzuen deshobiratze lanak egin zituzten Zabale baserriaren inguruan. Lan horretan aritu zirenek ondorioztatu ahal izan zutenez, gorpuzkinak 1936. urtean hilobiratutako pertsona batenak izan ahal ziren.
Euriak eragindako higadura zela eta, egindako lan horretan ez zituztela hezur ugari aurkitu esan zuten. Hala ere, aurkitutako gorpuzkinen, hortzen eta objektu pertsonalen posizioa interpretatuz, gorpuaren hilobiratze posizioa oso ondo interpreta zitekeen.
Artxiboko informazioaren, dokumentazioaren eta testigantzen bitartez bildutako datuen arabera, hezurkinak 1936. urtean leku hartan fusilatutako lau milizianoetatik batenak ziren. «Bi miliziano bizkaitarrak ziren. Eta kontuan hartuta Begoñako Ama Birjinaren irudia zeramala, normalena da pentsatzea gorpuzkin horiek bizkaitarrarenak zirela».