Zesta-puntaren garai ezberdinak lotu ditu 'Garaian'-en 52. zenbakiak
Itxulapiko, Txino Bengoa eta Izaro Arberen elkarrizketak irakur daitezke lehen orrialdeetan. Pilotarien bikoteekin ere batu dira, familien ikuspuntua jasotzekoHamarkadaz hamarkada eta frontoirik frontoi mundu osora zabaldu zen zesta-punta eta puntistak...
Itxulapiko, Txino Bengoa eta Izaro Arberen elkarrizketak irakur daitezke lehen orrialdeetan. Pilotarien bikoteekin ere batu dira, familien ikuspuntua jasotzeko
Hamarkadaz hamarkada eta frontoirik frontoi mundu osora zabaldu zen zesta-punta eta puntistak dira oraingoan, Garaian Kultur Elkarteak kaleratu berri duen Garaian aldizkariaren zenbaki berriaren muina. Garai ezberdinetako bizipen eta protagonistak bildu dituzte 52. zenbakiaren orrialdeetan.Azalean ageri den argazkia 1959 edo 1960 urtean Daytonako frontoian ateratakoa dela jakitera eman dute Garaian Kultur Elkartekoek, eta han, Markina-Xemeingo garai ezberdinetako pilotari bik egiten dute bat: kirolari ibilbideko azken urteak egiten ari zen Imanol Ibarluzea Itxulapikok eta bere ibilbidea hasten zegoen Juan Mari Bengoa Txinok. Hasierako elkarrizketekin zerikusia dauka argazkiak. Izan ere, hiru elkarrizketa daude hasieran, lehenengoa Imanol Ibarluzeari egin ziotena eta aldizkarian jaso dutena, bigarrena Juan Mari Bengoari egin diotena eta hirugarrena Izaro Arberi egindakoa. Hiru garai, eta, beraz, zesta-puntaren hiru ikuspuntu ezberdin.
16 urtegaz
Imanol Ibarluzearen alabak helarazi zien elkarrizketa, eta Patxi Juaristik transkribatu du osorik. «Lehenako pilotaren ikuspuntua ematen du, hasierako pilotarien bizipenak. Garaia haietan, mundu guztian zehar zelako bidaiak egiten zituzten, besteak beste», azaldu zuen Uhagonen egindako aurkezpenean Betikone Aretxabaleta Garaian Kultur Elkarteko kideak.
Elkarrizketan azaltzen duenez, gaztetatik ibili zen pilotan Ibarluzea, eta debuta 16 urtegaz egin zuen. «Adin horregaz edo aurretik ere debuta egitea ohikoa zen. Ume pilotariak egoten ziren, taldean, tutore bategaz, frontoi ezberdinetara jokatzera joaten zirenak».
Frontoi askotan ibili zen Ibarluzea: Zaragozan (Espainia), Vigon (Galizia), Madrilen (Espainia), Bartzelonan (Katalunia), Tangerren (Maroko), Filipinetan, Tijuanan (Mexiko), bai eta Floridan (AEB) ere, eta leku horietako argazkiak ere ikus daitezke zenbaki berrian. «Garai onak izan zirela jakitera eman, eta toki bakoitzeko bizimodua kontatzen du».
Bigarren elkarrizketako protagonista Juan Mari Bengoa Txinok 16 urtegaz debutatu zuen 1956 urtean, Palman (Balearrak). «Lehen zesta 6 urtegaz oparitu zioten, eta hurrengo 35 urteetan izan zuela eskuan dio. 17 urtegaz Kubara joan zen jokatzera, eta Palacio de los gritos frontoi ezagunean jokatu zuen. 1959ra arte egon zen han, Kubako erreboluzioak harrapatu zuenera arte. Gau hura zelan igaro zuen ere kontatzen du».
Bengoa Floridara (AEB) joan zen Kubatik, eta Daytonan, Miamin, Danian eta Bridgeporten ere jokatu zuen. «1981ean erretiratu zen jokatzetik, eta, gero, intendente jardun zuen».
Hirugarren elkarrizketak, Izaro Arberi egindakoak, gaur eguneko egoera irudikatzen du gehiago. Besteak beste, nesken zaletasuna eta zesta-puntan izan duten presentzia eta Xisteraren lana azaltzen ditu.
Berbetan atalean pilotarien bikoteak batu dituzte, familien ikuspuntua ere jasotzeko. «Pilotariekin batera, bikote, famili eta seme-alabak ere ibili dira munduan zehar, eta aldaketa handia izan da gehienentzat». Horrela, elkarrizketarako Maria Rosario Barrutia, Mari Karmen Galdos, Amaia Urkidi eta Maite Arrazola batu dituzte. «Laurak joan ziren AEBetara garai ezberdinetan, eta euren ibilbidea zelakoa izan den jakin nahi izan dugu. Toki ezberdinetan egon ziren: AEBetako Miamin, Daytonan, West Palm Beachen, Newporten eta Danian, bai eta Tijuanan (Mexiko) ere. Aldaketa handia izan zen, batez ere 60ko hamarkadan joan zirenentzat».
Hasiera gogoratzen
Historian Barrena atalean, beste alde batetik, Miguel Angel Bilbao zesta-puntazale eta ikertzaileak eta Patxi Juaristi soziologo eta idazleak idatzitako Zesta-punta eta pelotari puntistak eta Noizkoa da zesta-punta Markina-Xemeinen? artikuluak irakur daitezke. Bilbaok zesta-puntaren sorrerari buruz berba egiten du, eta nazioarteko zabalkundea ere azaltzen du bere artikuluan. Munduko frontoiak, pilotarien debutak, bidaiak, xarma eta momentu txarrak ere azaltzen ditu, estatu kolpe, gerra eta iraultza batzuen lekuko izan ziren-eta pilotariak.
Patxi Juaristik, berriz, zesta-punta Markina-Xemeinen kokatzen du, eta XVIII. mendetik aurrera bertan jokatu diren pilota modalitateak eta horregaz lotuta egon diren frontoiak zeintzuk diren azaldu du, Arkupe inguruan zegoen El siete edo Beko losa izenez ezagutzen zen frontoia, besteak beste.