Bizkaiko Golkoan sardina arrantzatzen duten
59 ontzik lortu dute MSC-k (Marine Stewardship Council) igortzen duen arrantza jasangarri ziurtagiria. Zehatz esanda, Bizkaiko Baxura Ekoizleak (Opescaya), Gipuzkoako Baxura Ekoizleak (Opegui) eta Laredoko San Martin kofradietako baxurako ontziei eman diote ziurtagiri urdina. Hala, ontzi horiek Bizkaiko Golkoan arrantzatzen dituzten sardina ale guztiak MSC ziurtagiri urdinagaz merkaturatuko dira, momentu honetatik aurrera.
Sardinaren ziurtagiria, gainera, baxurako euskal arrantzaleek lortu duten
hirugarren ziurtagiria da; antxoari eta hegaluzeari eman zioten aurretik.
Miren Garmendia Zeberio Opeguiko zuzendariak ziurtagiriak euskal arrantzaleentzat duen garrantzia nabarmendu du. “Ziurtagiri horri esker, kontsumitzaileari arraina erosteko arrantza mota jasangarriena eskuragarri ipintzen diogu, era erraz eta azkar batean. Merkatuak gure arrantzaleek egindako esfortzua era egoki eta bidezko batean kontuan hartzea espero dugu”. Era berean, sardina arrain salmentan hartzen ari diren pisua ere azpimarratu nahi izan du Garmendiak. Iaz, esate baterako, espezie horretako 4.000 tona inguru deskargatu ziren.

Baxurako arrantzaleak sardina deskargatzen Ondarroan
Bi urte eta erdi. MSC elkarteak ziurtagiririk zorrotzena erabaki aurretik, bestalde, bi urte eta erdiko azterketa egiten aritu da Bureau Veritas ikuskaritza enpresa. Prozesua, hain zuzen ere, 2014ko uztailean hasi zen.
Bureau Veritasek, gainera, arrantza erari buruzko informazio zientifikoa aztertu du denbora tarte horretan, eta horretarako Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko, Eusko Jaurlaritzako, Kantabriako gobernuko, Espainiako Ozeanografia Instituko eta Aztiko ordezkariekin egon da harremanetan.