Paul Abasoloren aurka mobilizatzeko deia egin du mugimendu feministak
Iragarritako protesta Zaldupeko Zubian egingo dute domekan, 16:00etan. Eskualde guztiari egin diote deia. Urrezko baloirako hautagaitza erretiratzeko eskatu du Durangoko UdalakOndarroako Aurrera Futbol Taldeak Portugaleteren aurka jokatuko du domekan, ...
Iragarritako protesta Zaldupeko Zubian egingo dute domekan, 16:00etan. Eskualde guztiari egin diote deia. Urrezko baloirako hautagaitza erretiratzeko eskatu du Durangoko Udalak
Ondarroako Aurrera Futbol Taldeak Portugaleteren aurka jokatuko du domekan, 16:30ean, Zaldupen. Portugaleteko jokalarietako bat da Paul Abasolo, eta durangarra hiru sexu erasorengatik zigortu zuen 2010ean Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Jokalariak, bestalde, ez du Aurreraren aurkako norgehiagoka jokatuko. Aurreko astean Santutxuren aurka jokatutako partidan bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta horrenbestez, partida bateko zigorra bete beharko du.Zaldupen jokatuko den futbol partida horren harira antolatzen hasi da mugimendu feminista, eta Abasolo Ondarroan ongietorria ez dela aldarrikatuko dute, domekan, 16:00etan, Zaldupeko Zubian egingo duten elkarretaratzean. Protestara joateako deia herritarrei eta eskualde guztiari egin diete, herriko mugetatik harago doan arazo bat bezala ulertzen dutelako. «Abasolo eraso sexualak egiteagatik zigortu eta indultatuta dago, eta domekan Aurreraren aurkako partida jokatzera etorriko da Portugaleteko taldeagaz. Haserre gaude!». Mugimendu feministak salatu duenez, «erasotzaile sexista bat ezin da kirolari eredu» izan.
Nabarmendu dutenez, ez dute nahi erasotzailerik ez Ondarroan, ez beste inon. «Futbolariak, futbol klubak, eta orokorrean edozein pertsona publikok erantzukizun sozial bat eduki beharko luke gure eredu diren aldetik. Fitxaketa hau, beraz, ez dugu onartzen».
Arbuio sozial handia
Partida horren harira, gainera, Ondarroako Udalak ere erasotzaileen inpunitatearen kontra eta indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei babesa eta elkartasuna adierazten duen adierazpen bat onartu zuen urtarrilaren 19an egindako osoko bilkuran. Adierazpen horren bitartez, herritarrei dei egin zien otsailaren 5ean indarkeria matxistaren kontra egiteko eta indarkeria matxistari aurre egiten diotenei elkartasuna adierazteko mobilizazioetan parte hartzera.
Abasoloren kasuak, bestalde, arbuio sozial handia pizten jarraitzen du. Portugaleteko jokalaria urrezko baloirako izendatzea, esate baterako, gogor salatu dute mugimendu feministek. Eta Abasolori saria emateko hautagaitza erretiratzeko eskatu du Durangoko Udalak.
Cantera deportiva hedabideak urtero banatzen dituen urrezko baloietarako izendatu du futbolaria, eta izendapena bera «emakumeenganako beste eraso bat» dela dion testua onartu du Durangoko Udalak. Durangoko Plataforma Feministak aurkeztutako testua udal talde guztiek babestu dute, EAJk eta PPk izan ezik. Bi alderdiak abstenitu egin dira bozketan.