Efemerideak
Silberio Beristainen jaiotzaren urteurrena1915eko otsailaren 1ean, Silberio Beristain Urriolabeitia ondarrutarra jaio zen. Ofizioz arotza zen, eta bizitza guztian Ondarroako Arriolaneko ontziolan beharra egin zuen. Dena dela, bere benetako garra dantza...
jaiotzaren urteurrena
1915eko otsailaren 1ean, Silberio Beristain Urriolabeitia ondarrutarra jaio zen. Ofizioz arotza zen, eta bizitza guztian Ondarroako Arriolaneko ontziolan beharra egin zuen. Dena dela, bere benetako garra dantzan egitea izan zen. 21 urte zituela, 36ko gerrak bete-betean hartu zuen Beristain. Eta gerraren ondorioak sufritu behar izan zituen. Urte bi kartzelan egin behar izan zituen, eta birikietatik gaixotu zen. Kartzelatik atera eta gero, ontziolan lanean jarraitu zuen. 1946an, Ondarroako umeei euskal dantzak irakasten hasi zen, eta ehunka ondarrutarren dantza maisu izan zen. Antiguako Ama dantza taldea sortu zuen, eta Mariñela taldea geroago. 1957. urterako makaltzen hasita zegoen, eta 1959. urteko apirilaren 20an hil zen, 44 urte zituela.
Bizkaiko lehenengo
lurrunontzia, Bermeon
Jose Antonio Acadok Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitaratzen zituen Coleccion Temas Vizcainos bildumaren 47. liburuxkako Carpinteros de Ribera atalean azaltzen duenez, Bizkaiko lenengo lurrunontzia Bermeon egin zuten, 1902. urtean. Gainera, zehazten duenez, Bermeoko Agapito Aranguren tailerrean egindako makinagaz egin zuten lurrunontzia. Lurrunontzi edo baporeak izan ziren lenenak ontzi gaineko bizkarra eduki zutenak. Eta gerora, txalupa handiak ere hasi ziren ipintzen. Ondarroan, esaterako, bizkarra ipini zioten lehenengo txalupa handia Agirreoaneko Dorita izan zen. Eta hurrengo urtean guztiei ipini zieten, zaharrei lehenengo eta berriei ondoren.
Lekeitiar bat, Ondarroako
olerki txapelketaren saridun
1934an, Euskaltzale-bazkunak Agate deunaren olerki-txapelketa antolatu zuen, Ondarroan. Irabazleak garai hartako olerkari ezagunak ziren. Lehen saria Agarel eta Zegurola ezizenarekin idazten zuen Elias Agirre poetak eraman zuen, eta bigarren saritua Eusebio Erkiaga lekeitiarra izan zen. Ondarroako txapelketa antolatzeko, tolosarrek aurreko urtetik martxan jarrita zuten lehiaketaren araudia hartu zuten eredutzat. Tolosako txapelketan olerkari gipuzkoarrak irabazleak ziren bezala, Ondarroakoan, olerkari bizkaitarrak izan ziren txapeldun. Elias Agirre Gaukorra ezizenekin aurkeztu zen, eta Eusebio Erkiaga Euzkel Pizkunde Zale ezizenagaz. Lekeitiarrak 21 urte baino ez zeuzkan lehiaketara aurkeztu zenean. Kopla sarituak Euzkadi egunerokoan argitaratu ziren, otsailaren 3an eta 4an.
Iazko otsailaren 9an olatu
denboralea gertatu zen
Itsaso zakarrak, batez ere, goizaldean kolpatu zuen kostaldea. Eta itsasgora gertatu zen orduetan gertatu ziren kalte handienak. Herrizaingo Sailak, gainera, olatu handiak zeuden tokietara ez hurreratzeko gomendioa eman zuen. Ondarroan, esate baterako, portuko karro inguruko eraikinaren teilatua eta atea txikitu zuten olatuek, eta Plaiko Zubiaren parean lotuta zegoen Venus izeneko jolasontzi bat hondoratu egin zen. Lekeition ere gorabeherak izan ziren: Isuntza Arraun Taldearen Ekaitz elkartean, esaterako, itsasoaldiak kristalak apurtu zituen, eta itsasoa elkarte barrura sartu zen. Mutrikun eta Bermeon ere olatualdiak hainbat kalte eragin zituen.