Herri galdeketa gauzatzeko bidean eman zituzten pausoen berri eman zuten astelehenean [otsailak 6] Ondarroan, Debagoiena, Dima eta Goierriko Gure Esku Dago-ren herri dinamiketako kideek. Beikozini aretora hurreratu ziren herritarrek, hain zuzen ere, Debagoiena eta Goierri eskualdeetako eta Dimako esperientziak ezagutu zituzten hurretik hurrera. “Alde batetik herri bakar modura herri galdeta egin zutenez esperientzia ezagutu genuen, eta bestetik, eskualde mailan egindakoen esperientzia ere bai”, azaldu dute Ondarroako Gure Esku Dago-ren ordezkariek.
Larraitz Zubeldia, Lierni Olmedo, Izaskun Arregi eta Ainhoa Baraiaetxabururen eskutik beste herrietako esperientziak ezagutzeaz gain, herritarrek galdeketaren inguruan dituzten hainbat kezka argitzeko tartea ere eduki zuten. “Esan zen guztitik ideia bat azpimarratu zuten guztiek. Bereizten gaituenaren gainetik, zerk batzen gaituen begiratu behar dela”.
Ondarroako ordezkariek gaineratu dutenez, asteon amaitzen da sinadura bilketa kanpaina. Astebarruan, Kantoipeko lokalean egongo dira sinadurak batzen, 12:00etatik 14:00etara. Zapatuan [otsailak 11] eta domekan [otsailak 12], berriz, Alamedan egongo dira atxikipenak batzen, 12:00etatik 14:00etara.
Gure Esku Dago-ren Goierri, Debagoiena eta Dimako ordezkariak, Ondarroan. Argazkia: Ondarroako Gure Esku Dago