Mutrikuko Udalak agertu duenez, errautsak jaso ahal izateko kolunbarioa eraiki dute hilerrian. Momentuz, 45 zentimetroko zabalerako eta 46 zentimetro altuerako
72 horma hobi egongo dira herritarren zerbitzura. Instalazioari dagokionez, sasoi batean umeen hilerria zegoen leku berean egokitu dute. “Gune hori orain dela urte asko ez da erabiltzen, eta orain beste erabilpen bat ematea erabaki dugu”.
Gaur egun hilotzak errausteko gero-eta joera handiago dagoelako eta herritarren aldetik ere
halako instalazio bat izateko beharra jaso dutelako erabaki du udalak kolunbarioa eraikitzea. “Zerbitzu hau jendarteak gero eta gehiago eskatzen du. Hainbat herritarrekĀ errautsak hilerrian bertan gordetzeko lekuren bat egokitzea eskatu izan digute, eta eskaera horri erantzun nahi izan diogu”.
Mutrikuko kolunbarioa
Kolunbarioa erabiltzeko interesa daukaten herritarrek udaletxean egin dezakete eskaria, eta 150 euro ordainduta, horma hobiak
hamar urterako erabili ahal izango dituzte. “Gehienez, bi errauts kutxatila sartu ahal izango dira hobi bakoitzean, eta hobia ixteko oroitarriaren kostua familia bakoitzak bere gain hartu beharko du”.
Hamar urte igaro ondoren hilerriko lurretatik atera behar diren gorpuzkien kasuan, bestalde, hilerriko arduradunak jarriko dira familiekin harremanetan, eta haiek aukeratuko dute gorpuzkiekin zer egin. “Hezur horiek hilerrian errausteko aukera egongo da, eta nahi dutenek errautsak kolunbarioan gordetzeko eskaera egin ahalko dute. Egunotan, esaterako, 20 bat gorpuzki atera dira hilerritik, eta batek baino gehiago errautsak kolunbarioan gordetzeko nahia agertu du”.