Mutrikuar bat larri zauritu da Azkoitian izandako lan istripuan
35 urteko langile mutrikuarra lau metroko altueratik erori zen, eta sindikatuak jakitera eman duenez, “oso larri” dago. Astelehenean [otsailak 6] izan zuen lan istripua Azkoitiko Ibarmia enpresan, baina LAB sindikatuko ordezkariek azpimarratu duenez, gaur [otsailak 9] eduki dute istripuaren berri. Sindikatutik elkartasuna adierazi diote langileari, bere familiari, gertukoei eta langilegoari.
Zauritua Elgoibarko Betelu enpresako langilea da izatez, baina Azkoitian dagoen Ibarmia enpresak azpikontratatuta zebilen lanean. LABek azaldu duenez, Ibarmia Adegiko presidenteordearen enpresa da. Urola Kostako HITZA, bere aldetik, harremanetan jarri da Ibarmia enpresarekin, baina ez dutela hitz egingo jakinarazi dute enpresakoek.
Lan istripuetan patronalak duen erantzukizuna nabarmendu du LABek, eta salatu dutenez, gainera, enpresak lan istripua “isilean eta ezkutuan” gorde du. “Gertuko pertson baten bitartez izan dugu honen berri. Adegiren ordezkari nagusiak berauek dira isiltasun honen konplize nagusiak. Zergatik isilean gorde? Zer edo zer ari dira ezkutatzen, aldatzen edo manipulatzen?”.
Ohartarazi dutenez, azpikontrata bateko langile batek pairatutako beste istripu bat da Azkoitiakoa. “Azpikontratazioa prekarietatearen oinarrizko osagaia da, eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera, gutxi batzuen irabazien mesedetan. Nazka-nazka eginda gaude, eredu honek ekartzen dizkigun ondorioez, egoera honen erantzuleen mezu eta hitz lotsagarriekin, mozkin eta irabaziak lehenesten direnean langileen osasuna eta bizitzaren aurretik”.